Ikus-entzunezkoak

EH Bilduk ikus-entzunezko hedabideen euskal kontseilua legez sortzea proposatu du

Eusko Legebiltzarrean egin du koalizioak lege proposamena, eta nabarmendu du kontseilu hori independentea litzatekeela. Ikus-entzuleen defentsa bulegoa sortzea ere proposatu du EH BIlduk.

Jasone Agirre EH Bilduko legiltzarkidea. RAUL BOGAJO / FOKU
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 24a
13:17
Entzun

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak ikus-entzunezko hedabideen euskal kontseilua sortzeko lege proposamena aurkeztu du. Adierazi duenez, «anomalia bat» da Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian erakunde hori ez existitzea, «Europako Batzordeak berak sustatzen baitu horrelako organo independenteak sortzea ikus-entzunezko komunikabideak eraldatzeko estrategian». Hala, Katalunian eta Andaluzian (Espainia) martxan daude hango kontseiluak, eta Valentzian (Herrialde Katalanak) lege bat onartu dute halako kontseilu bat sortzeko. Frantziak ere badu ikus-entzunezko kontseilua, baita Europako beste zenbait herrialdek ere. EH Bilduk proposatu duen legea ikus-entzunezkoen arloko hainbat aditurekin eginiko kontraste eta lanketa baten emaitza da.

Proposamen hau egin du EH Bilduko ordezkariak: «Kontseilu horrek erakunde independente bat izan beharko luke, eta haren helburua euskal esparruko ikus-entzunezko edukiak arautzea izango da, bai eta zigor arauak ezartzea ere, komunikabide publiko zein pribatuetan eta gainontzeko ikus-entzunezkoetan, eta, era berean, erakunde aholkularia eta proposatzailea ere izango da».

EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du kontseilua independentea izango litzatekeela, eta, azaldu duenez, arauak ezartzeko boterea izango luke euskal ikus-entzunezko komunikazioaren esparru osoan, bai telebistan, bai irratian, bai Interneten.

Kontseiluaren helburuei dagokienez, hauek aipatu ditu Agirrek: «Ikus-entzunezkoen komunikazioaren askatasuna, informazioaren aniztasuna, neutraltasuna eta baliabide publikoen independentzia eta inpartzialtasuna bermatzea, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin akordioak egiten laguntzea, adin tarte guztietan Interneterako sarbidea bermatzea eta emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte hartzea sustatzea».

Halaber, koalizio abertzaleak azaldu du kontseiluaren zereginetako bat audientziaren defentsa bulegoa sortzea eta kudeatzea izango litzatekeela. Bulego horrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irrati eta telebistetan ematen diren programazio eta publizitatearen inguruko herritarren kexak jaso, bidali eta erantzungo lituzke.

EH Bilduko legebiltzarkideak kontseilua eratu beharra aldarrikatu du: «Gaur egungo euskal komunikazio esparruan ikus-entzunezkoek ez dituzte inondik inora asetzen geure beharrak herri gisa, eta kanpoko parametroetara, kanpoko hizkuntza, kultura, identitateetara ari gara egokitzen». Pandemiarekin, ikus-entzunezkoen kontsumoa gehiago handitu da, eta Agirrek ohartarazi du gaur egun jokaleku horretan egiten dela gizarte balioen transmisioa, batez ere gazteen artean. «Horregatik, berebiziko garrantzia dauka ikus-entzunezkoen espazioa ikuskatu eta arautuko duen erakunde independente bat izateak».

Eusko Jaurlaritzaren irizpenaren ostean, lege proposamena ekainaren amaieran edo irailean bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.