«Umiliagarria da GALekin edo Batallon Vasco Españolekin izandako harremanagatik kondenatutako zenbait politikarik kartzelan Altsasuko gazteek baino denbora gutxiago pasatu izana. Umiliagarria da gure senideak hil zituztenak kondekoratzea, eta haiei bizi guztiko ordainsariak ematea». Eneko Etxeberriaren hitzak dira, Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaiarenak, gaur Tolosan Bernardo Bidaola Txirrita-ri Egiari Zor fundazioak egin dion omenaldian esandakoak.
Omenaldia Bidaolaren hilketaren 45. urteurrenaren harira antolatu dute. 1976ko apirilean, Txirrita Sara (Lapurdi) eta Etxalar (Nafarroa) arteko mugan desagertu zen, ETA (pm)-ko beste hiru kiderekin batera, eta hilik agertu zen handik egun batzuetara. Garai hartan, Guardia Zibilak aditzera eman zuen bere buruaz beste egin zuela, baina 2018an egindako autopsiak argitara atera zuen ez zela hala izan: «45 urte luze pasatu dira jada, eta oraindik ezkutuan dirau desagertu eta gorpua agertu arteko egun horietan gertatu zenaren egiak», azpimarratu dute fundazioko kideek.
Hori dela eta, Egiari Zor-ek dei egin die «Espainiako Estatuari eta hura sostengatzen duten indar politikoei» ezkutuan mantendu duten informazioa desklasifikatu dezaten, eta, «behingoz, dagozkien ardurak euren gain har ditzaten».
Euskal Herriko erakundeei ere mintzatu zaizkie, eta esan dute beharrezkoa dela urratsak egitea Txirrita «estatuaren biolentziak» hil zuela aitortzeko, «horretarako nahikoa froga badagoelako». Egiari Zor-eko kideen iritziz, memoriak izan behar du «hamarkadetan bizitako biolentzia bortitza berriro errepikatuko ez dela bermatzeko oinarria».
Elkarbizitza demokratikoa
Ekitaldian hitza hartu dutenek azpimarra berezia egin dute elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan: «Beste ezeren gainetik, aldarrikatu nahi dugu ezinezkoa dela etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzea heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek aintzat hartzen ez baditugu, aitortzen ez baditugu».
Ramon Agirre musikariaren doinuek girotu dute ekitaldia, baita Joanes eta Xabat Illarregiren bertsoek ere. Tolosako udala osatzen duten hiru talde politikoetako ordezkariak izan dira.
Basoan utzitako kasua
BERRIAk 2016ko maiatzean argitaratu zuen Txirritaren kasuaren inguruko erreportaje luze bat, hilketaren 40. urteurrenean.