Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota du partzialki, 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla erranez. Ondorioz, murgiltze eredua ez da Frantziako Hezkuntza Kodean sartuko eta ez da posible izanen estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako zeinu diakritikoak erabiltzea.
Hizkuntza gutxituen irakaskuntza eskaintzen duten eskolak diruz laguntzeari buruzko 6. artikuluaren kontra ezarri zuten helegitea, joan den apirilaren 22an Martxan talde parlamentarioko 60 diputatuk. Artikulu hori ontzat eman du Konstituzio Kontseiluak. Baina gainerakoak aztertzea erabaki du bere baitarik, eta aipatutako bi artikuluak Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoak direla ebatzi du. Horren arabera, frantsesa da Frantziako Errepublikako hizkuntza.
Honela dio Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak: «Konstituzioaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko pertsona juridikoei eta zuzenbide pribatuko pertsonei frantsesaren erabilera inposatzen zaie zerbitzu publikoko eginkizun bat gauzatzean. Administrazio eta zerbitzu publikoekiko harremanetan partikularrak ezin dira frantsesa ez den beste hizkuntza erabiltzeko eskubideaz baliatu, ezta horren erabilerara behartuak izan ere».
Ebazpenaren arabera, hizkuntza gutxituen irakaskuntza bidezkoa da, baldin eta Frantziako Konstituzioko 2. artikuluaren eskakizunak betetzen baditu. «Alta, jaukitutako legearen prestakuntza lanetatik ondorioztatzen da, bereziki, eskualdeetako hizkuntza baten murgiltze ereduko irakaskuntza ez dela hizkuntza hori irakastera mugatzen den metodoa, baizik eta hizkuntza hori irakaskuntza hizkuntza nagusi gisa eta komunikazio hizkuntza gisa erabiltzean datzana». Horren arabera, hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela dio.
«Gerla deklarazio bat da»
Eneritz Zabaleta zuzenbide doktoreak argi du: «Gerla deklarazio bat egin dute». Ebazpenak argi dio itunpeko eskola izateko ezin duzula murgiltze eredua proposatu. «Ondorioz, Seaska, Diwan eta Calandretak, Estatuarekin kontratupean izanik, Konstituzioaren kontrakoak dira. Ez dakit ohartzen diren Parisen idatzi dutenak zer ondorio dituen», adierazi du. Bere hitzetan, ebazpen honek «dena zalantzan» ematen du. «Estatuak kontratu horiek ezeztatuko ditu? Galdetuko du murgiltzerik ez egitea? Ilegalitatean kontratuak atxikiko dituzte? Zer eginen du ministerioak? Zabaltzen da sekulako ziurgabetasuna Seaskarentzat».
Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ere «gerla deklarazioa» aipatu du: «Konstituzio Kontseiluak gaur eman duen erabakia gerra adierazpena da eskualdeetako hizkuntzentzat! Errepublikako hizkuntza frantsesa bada, eskualdeetako hizkuntzak dira Frantzia osatzen duten lurraldeen mamia».
Konstituzio Kontseiluak gaur hartu erabakia gerla deklarazioa da tokiko hizkuntzen kontra! Errepublikaren hizkuntza frantsesa bada ere, tokiko hizkuntzak Frantzia osatzen duten lurraldeen izateen adierazgarri onenak dira.
— Jean-René Etchegaray (@JreneEtchegaray) May 21, 2021
Max Brisson Errepublikanoetako senatariak erran du «haserre handia» duela, eta helegitea ezarri zuten diputatuek «ardura handia» dutela. «Murgiltzeari buruzko artikuluaren zentsura ez da ondoriorik gabea izanen helegitea ezartzeko azpijokoan aritu direnentzat. Eskualde hizkuntzekiko etsaitasuna erakutsi dute, eta horren ardura eraman beharko dute».
Vincent Bru Modemeko diputatua «etsitua» agertu da Frantziako Konstituzio Kontseiluaren erabakiarekin. «Erabakia biziki larria da. Euskararen iraupena dago jokoan», adierazi du. «Gero eta konbentzituagoa naiz murgiltze eredua dela euskararen transmisioa bermatzeko modu bakarra. Bide hori ehortziz, euskara da ehorzten duguna». Emmanuel Macronen gobernuaren aldeko diputatuaren hitzetan, «mobilizatu behar da», eta Frantziako presidenteari dei egin behar zaio konstituzioa aldatu «eta hau frenatzeko».
Zabaletaren hitzetan, orain, egoera hau aldatu nahi bada, Konstituzioa aldatu beharko da. «Frantsesa inposatzen duen 2. artikulua kendu edo osatu beharko da, gainerako hizkuntzei lekua emateko». Parekidetasun legearekin gertatutakoa oroitarazi du. «Aplikatu nahi izan zirelarik Konstituzio Kontseiluak erran zuen berdintasunaren kontrakoa zela. Konstituzioa bi aldiz aldatu behar izan zuten parekidetasunaren legea lortzeko».
Hori izan liteke, bere ustez, hemendik aitzina abiatu litekeen bataila. «Politikoki haserrea eraginen du. Zer eginen dute legearen alde bozkatu zuten diputatuek? Konstituzioa aldatzeko bilduko dira?», galdetu du.
Lege «historikoa»
Frantziako Gobernuaren borondatearen kontra, aldeko 247 botorekin onetsi zuten hizkuntza gutxituen aldeko legea, apirilaren 8an. Seinale publiko elebidunak eta estatu zibileko dokumentuetan ñ eta gisako marka diakritikoak idaztea baimentzeaz gain, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari koadro sendoago bat ematen dio: hizkuntza gutxituak murgiltze ereduan ikasteko aukera ofizialki agertzea Frantziako Hezkuntza Kodean, ikastetxe guziek proposatu behar izatea lurraldeko hizkuntza gutxituen irakaskuntza eskaintza, eta elkarte kontratupeko ikastetxe pribatuen diruztatzean eskola elebakarrak dituzten herriko etxeak behartuak izatea haien herriko haurrak doazen ikastetxeak laguntzera.
Hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren eragileek «historikotzat» jo zuten Frantziako Asanbleak legea onartu izana. 1951n bozkatu zen Deixonne legetik hizkuntza gutxituen aldeko halako legerik ez zela izan azpimarratu zuen Euskal Konfederazioak.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legea promulgatzeko epea bukatzear zela, apirilaren 22an ezarri zuten haren kontrako helegitea Martxan alderdiko 61 diputatuk. Ikastetxeak diruz laguntza behartzen duen 6. artikuluari buruz galdetu zioten Konstituzio Kontseiluari, baina, gainerako artikuluak aztertzea erabaki du honek, bere baitarik. Helegitea bera ontzat jo du, nahiz eta berau izenpetu zuten diputatu batzuek «engainatuak» izan zirela salatu.
Azken asteetan, legeari jarritako helegitearen kontra mintzatu dira hizkuntza gutxituetako eragileak, eta Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiak.