Trengintzako seinaleztapenaren azpisektorean, Europako liderretako bat bilakatuko luke Beasaingo CAF konpainia Frantziako Thales elektronika konpainiaren trengintzako adarra bereganatzeak. Oso arrain handia da Thales, ordea, eta, sektoreko merkatua aztertzen duen prentsaren arabera, 1.600 milioi euroko operazioa litzateke.
Alstom, Hitachi eta Wabtec lehiakideak lirateke beste hautagai batzuk Thales erosteko. Iturri horiei jarraikiz, euskal trengileak PwC kontratatu du finantza bazkide bat topatu dezan, betiere Thales operazioa egin ahal izateko. Bazkide hori Tower-Brook funtsa izan daitekeela ere kaleratu du hedabideren batek, baina informazio hori guztia ez da ofiziala, eta CAFek ez du berretsi.
Thales seinaleztapenaren erraldoi bat da, eta 1.700 milioi euroko negozioa kudeatzen du urtero. Alstom merkatuko liderrak Thales erosteko arazoak izan dezake Europako merkatuaren lehiaren agintaritzarekin. Europako Batasunak desinbertsio handiak egitera behartu ditzake konpainia biak, lehia arazoak gainditzeko asmoz, eta aldagai horrek CAFen alde jokatuko luke.
Seinaleztapena trengintzako segurtasunaren ezinbesteko atala da, eta konpainiek inbertsio handiak egin dituzte azken urteetan azpisektore horretan. Mantentze lanak dira negozioaren hauspoa. CAFek sarritan egin du lan Thalesekin proiektu zehatzetan.