Naturaren babesa

Munduko lur eremuen %17 babestuta daude jadanik

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) iragarri du 2020rako ezarritako helburua bete duela munduak, baina oraindik asko falta dela babes hori eraginkor bihurtzeko.

Yosemiteko Parke Nazionala, AEBetan. PETER DASILVA / EFE
2021eko maiatzaren 19a
19:11
Entzun

Munduko lur eta kontinente barruko ur eremuen %16,64k –22,5 milioi kilometro koadro– eta kostaldeen %7,74k –28,1 milioi kilometro koadro– babesgune izaera dutela iragarri du NBEko Ingurumenerako Programak (PNUMA), gaur aurkeztutako txosten baten bidez. Hain zuzen ere, helmuga horixe jarri zion bere buruari munduak 2010ean, Aichin (Japonia) Biodibertsitateari buruzko aldeen bileran (COP10), 11. helburuan: 2020rako, gutxienez lur eremuen %17 eta itsas guneen %10 babestea.

«Garbi dago lur eremuen babeserako %17ko helburu hori gainditu egingo dela datu guztiak eskuragarri daudenean, babesgune askoren berri iragarri gabe baitago oraindik», jakinarazi du PNUMAk Planeta Babestua 2020 txostenaren aurkezpenean. Hala ere, babes hori eraginkor bihurtzea eta lur eremu horien kalitatea hobetzea erronkatzat jo du oraindik NBEk. «Babesgune gehiago izendatzea ez da nahikoa. Modu eraginkor batean kudeatu behar dira, tokian eta munduan etekin handiagoa atera nahi bada, planetaren eta bertan bizi diren pertsonen etorkizun hobe bat bermatu nahi bada», adierazi du Neville Ash PNUMAren Munduko Kontserbazioaren Monitarizazio Zentroko zuzendariak.

Txinako goi bilera

Txostenaren arabera, babesa eraginkorra izan dadin, toki gehiago babestu behar dira, biodibertsitatea galbidean baitago oraindik. Babesguneak elkarren artean lotzea ezinbestekotzat jo dute, prozesu ekologikoen bidez bioaniztasuna berreskuratzea posiblea izan dadin. Izan ere, elkar lotuta dauden babesguneen kopurua %8 besterik ez da, babestuta dauden parajeen %17 horietatik oso azpitik oraindik.

Halaber, PNUMAk eskatu du herri indigenen ahaleginak aintzat hartzeko, oraindik ez baitira nahikoa baloratzen. Aurtengo urrian Kunmingen (Txina) egingo da bioaniztasunari buruzko COP15 goi bilera. Besteak beste, bilkura horretan eztabaidatuko dute 2030erako lurreko eta itsasoko babesguneen kopurua %30 izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.