MEMORIA

Rosa Zarraren aldeko plaka bat kendu dute Donostian

Amara Berriko Olaeta plazan zegoen. Ertzaintzak pilotakada bat jota hil zuten Zarra, 1995ean.

Plaka zegoen lekua. @URTZIETXEBERRIA
jon olano
2021eko maiatzaren 19a
19:02
Entzun

Rosa Zarra Donostian hil zen, 1995eko ekainaren 30ean, 58 urte zituela, Euskal Herria Askatu izeneko mobilizazio batean, Bakearen Usoaren inguruan, Ertzaintzak jaurti zuen gomazko pilota batek sabelean jo eta astebetera.

25. urteurrenean, plaka bat jarri zuten Zarra zauritu zuten lekutik metro batzuetara, Amara Berri auzoko Olaeta plazan; Rosa Zarra Martin, 1995eko ekainean eraila. Egia, justizia, erreparazioa (1995-2020) zioen plakak. Sortuk antolatutako ekitaldi batean jarri zuten plaka, Zarra oroitzearekin batera. Plaka hori, ordea, kendu egin dute orain; gutxienez herenegundik falta da.

«Hau eraso bat da, bizikidetzaren aurka eta memoria historikoaren aurka. Ez baitago benetako memoriarik Ertzaintzaren biolentzia jasan dutenen sufrimendua aintzat hartu gabe», salatu du Amara Berriko Sortuk.

Jaurlaritzak Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010) txostena aurkeztu zuen 2015ean, eta aitortu zuen Zarraren auzia sakonago ikertu behar zela. Hau da txosten horrek Zarraren heriotzaz dioena, hitzez hitz: «Ertzainek sei metro inguruko distantziara jaurtitako pilotakada batek sabelean jo zuen Rosa Zarra, Amara auzoko elkarretaratze batean parte hartzen ari zela. Familiaren esanetan, ertzainak 'hona eta hara' tiroka hasi ziren. Auzitegiko medikuen arabera, eta Madrilgo Toxikologia Institutu Nazionaleko azterketa anatomiko patologikoko emaitzek ziotenez, Rosa Zarra berez hil omen zen. Dena dela, Donostiako Arantzazuko Ama Ospitaleko nefrologia zerbitzuko Alex Elosegi Mendizabalek agiri bat bidali zuen hedabideetara —bera izan zen Rosa Zarraren medikua, hemodialisia egin behar izaten zuenean, bai eta giltzurrun transplantea egin behar izan ziotenean ere—, eta, hartan esaten zenez, 'gertaerak nola izan ziren ikusirik, guztiz normala da pentsatzea pilotakada izan zela Rosa hil zuena. Kolpeak tronbosi bat eragin zion arterietan, eta horrek, batetik, kolona zulatu zion, eta, bestetik, shock septiko bat eragin. Kontuan hartu behar da, gainera, Rosa Zarrak erabat eskastuak zituela defentsa mekanismoak, giltzurruna transplantatu ondoren ezinbestez jarraitu behar zuen tratamenduaren ondorioz'».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.