KATALUNIA

Aragones ostiralean inbestituko dute

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidenteak iragarri du ERCren hautagaia presidente inbestitzeko saioa bihar arratsaldean hasiko dela

Pere Aragones (ERC), herenegun. QUIQUE GARCIA / EFE
Igor Susaeta.
2021eko maiatzaren 19a
15:29
Entzun

Ezustekorik ezean, hauteskundeak egin eta hiru hilabete pasa geroago inbestituko dute Pere Aragones (ERC) Kataluniako Generalitateko presidente. Behin ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunyak gobernu akordioa eginda, Laura Borras (JxC) Kataluniako Parlamentuko presidentea ganberan ordezkaritza duten alderdi guztietako bozeramaileekin bildu da azkeneko bi egunotan, eta Aragonesen hautagaitzaren berri eman die. Bilera sailak amaituta, Borrasek gaur jakinarazi duenez, bihar hasiko da osoko bilkura, 16:00etan, eta, okerrik ezean, ostiralean amaituko da, Aragones jarduneko presidentea inbestituz.

Inbestitua izateko lehen saioan, gehiengo osoa beharko du presidentegaiak, eta Aragonesek ziurtatuta dauka hori, behin Carles Puigdemonten alderdiaren babesa lortuta. 68 boto behar dira Kataluniako Parlamentuan gehiengo osoa edukitzeko, baina 2020ko irailean Quim Torra (JxC) kargugabetuaren tokia hartu zuenak aise gaindituko du langa hori: ERCk 33 parlamentari ditu; JxCk, 32; eta CUPek, bederatzi. Hau da, 74.

Martxoaren amaieran, Aragones presidente inbestitzeko bi saio egin ziren, baina ezin izan zuen nahikoa babes lortu, JxC abstenitu egin zelako bi bozketatan; bai gehiengo osoa behar zenean, aurrenekoan, bai gehiengo sinplearekin nahikoa zenean, bigarrengoan. Aldeko 44 boto (ERC eta CUP), aurkako 61 (PSC, Vox, En Comu Podem, Ciutadans eta PP), eta 32 abstentzio (JxC) izan zen emaitza bi bozketetan.

Orain, ordea, «independentziarantz» joko duen koalizio gobernu bat eratzea adostu dute bi indar independentista nagusiek azken orduan, hauteskundeen errepikapenaren mamua gainean zutenean. Alderdi bakoitzak zazpi kontseilaritza izango ditu gobernuan, eta bi aldeen arteko «leialtasuna» du oinarrian konpromisoak. Gauzak ondo, Aragonesek datorren astean hartuko du kargua, Generalitatearen jauregian egingo den zeremonia batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.