Zinema aretoetara publiko berria erakartzeko helburuarekin, EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak Zinemazale Berriak programa antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren laguntzarekin. Maiatzaren 23tik azaroaren 14ra bitarte, hamabi film proiektatuko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hemezortzi zinema aretotan. Euskarazko ekoizpenak eskainiko dituzte: hamabi proposamenak Zinema Euskaraz programaren barruan daude, estreinaldiak euskaratzea bultzatzen duen Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa. Asteburu goizetan emango dituzte filmok, eta sarrerak 2,90 euroan egongo dira.
2020. urtea «konpentsatzeko» sortu dute ekinbidea, antolatzaileek adierazi dutenez. Iaz, hiru lurralde historikoetako zinema aretoek 10 milioi euroko galerak izan zituzten, 2019ko datuekin alderatuta, eta %65 ikusle gutxiago joan ziren.
Lurraldeka, bederatzi aretok parte hartuko dute Gipuzkoan —Principe, Antiguo Berri, Bastero, Villabona, Areria, Zumarraga, Beasain, Zarautz eta Niessen—, zazpik Bizkaian —Multicines Bilbao, Golem, Getxo, Durango, Bermeo, Mungia eta Muskiz— eta bik Araban —Gorbeia eta Florida—. Emanaldiei dagokienez, hau da egutegia, behin-behinean:
2021/05/23 Maya Erlea- Ezti jokoak
2021/05/30 Paddintong 2
2021/06/06 Asterix, edabe magikoaren sekretua
2021/06/13 Nur eta herensugearen tenplua
2021/06/20 Ballerina
2021/10/03 Oin handiaren semea
2021/10/10 Printze Txikia
2021/10/17 Mr Link
2021/10/24 Pokemon Pikachu Detektibea
2021/10/31 Tom eta Jerry
2021/11/07 Elfkins
2021/11/14 Smallfoot