Euskal presoak

Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi du Josu Urrutikoetxea auzipetzeko zabalik zegoen auto bat

Luis Herguetaren hilketa egozten zioten. Ekintza ETApm-k aldarrikatu zuen, eta Urrutikoetxea ez da inoiz izan ETAren adar horretako kidea, militarrekoa baizik. Hori baieztatu du Pedraz epaileak. Heldu den astean gatazken konponbideari buruzko jardunaldi batzuetan parte hartuko du Urrutikoetxeak, Parisen.

Josu Urrutikoetxea, aurtengo otsailaren 22an, Parisen, Dei Auzitegian. YOAN VALAT / EFE
2021eko maiatzaren 19a
13:02
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi du Josu Urrutikoetxea epaitzeko 2005ean zabaldutako autoa. Auto hartan, 1980an Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako arduradunaren hilketan parte hartu izana egozten zioten, baina akusazio horrek ez zuen heldulekurik, Santiago Pedraz epaileak auto batean jakinarazi duenez: hilketa hura ETA politiko-militarrak (ETApm) aldarrikatu zuen, eta Urrutikoetxea ETA militarreko (ETAm) kidea zen. Hori hala zela baieztatu du Pedrazek, Guardia Zibilaren txostenak erreferentziatzat hartuta. Epaileak orain Auzitegi Nazionaleko salara bidaliko du sumarioa, eta hari dagokio artxiboa ematea.

BERRIAk 2019ko azaroan egindako azterketa lan batean argitaratu zuen moduan, Auzitegi Nazionalaren auzipetze autoan (2005) eta gobernuaren estradizio eskaeran (2019) ez zegoen zehaztasunik, eta data batzuk oker erabilita. 

Herguetaren hilketaren nondik norakoak

1980ko ekainaren 25ean hil zuten Hergueta (52 urte) Safes-Michelin enpresako zuzendaritzako kidea, Gasteizen, Dato kalean: 13:30ak aldera etxeko atarira sartzera zihoala, buruan tiro egin zioten. Egun berean, gauez, ETApm-k telefono deiak egin zituen egunkari batera gutxienez, atentatua bere gain hartuz, eta hurrengo egunean agiri bat bidali zuen hedabideetara; ekainaren 27ko El Diario Vasco-n, Egin-en, El País-en, La Vanguardia-n eta beste batzuetan ageri dira zatiak. ETApm-k esan zuen Hergueta zela Gasteizko Safen-Michelineko segurtasun zerbitzuen burua eta enpresako «langileen aurkako errepresioaren erantzule nagusia». Agiria jaso zuen Kemen ETApm-ren barne buletinak, 1980ko azaroan.

1974ko hausturatik, bi ETA zeuden. Herguetaren atentatuak harridura eragin zuen euskal gizartean, ETApm jokabide gogor batera itzuli zela iritzita. Ondoko hilabeteetan Araban bahiketa eta hilketa gehiago egin zituzten ETApm-koek.

2005eko irailaren 16an atera zuen Urrutikoetxearen aurkako autoa Pedraz epaileak —Urrutikoetxea, ETAren ordezkari gisa, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketan hasita zegoen garaia zen—, baina ez zuen zehaztu hilketaren egilea ETApm izan zela. «ETA erakunde terroristak, 1980ko ekainaren 26ko agiri batean, atentatua bere gain hartu zuen», zioen autoak. Eduki nagusiak jaso zituen, baina ez zuen zehaztu zein ETArenak ziren. Epaileak «erantzukizun kriminala» leporatu zion Urrutikoetxeari; Espainiako Gobernuak, duela bi urte, Parisi estradizioa eskatzean, «hilketaren ustezko delitua». Gobernuak ere bere idatzian ez zuen zehaztu ETAren zein adarrek hil zuen Hergueta.

Zabalik dituen auziak

Urrutikoetxeak bi auzi ditu zabalik Madrilen: Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuarteleko atentatuarena (1987) eta herriko tabernena. Espainiak Madrilgo Barajas aireportuko atentatuagatik (2006) ere epaitu nahi du, baina Parisek iaz atzera bota zuen Barajasko auziaren euroagindu eskaera, zehaztasunik eza argudiatuta.

Frantzia, berriz, Urrutikoetxearen aurkako bi epaiketa egitekoa da, ETAko kide gisa 2005-2007ko eta 2011-2013ko prozesuetan parte hartzea egotzita.

Iazko uztailetik baldintzapean libre dago Urrutikoetxea. Parisen bizi da. Iazko abenduan elkarrizketa zabal bat eman zion BERRIAri.

Frantziako Asanblean hizlari

Gatazken konponbideari buruzko nazioarteko jardunaldi batzuetan hizlari arituko da Josu Urrutikoetxea heldu den asteartean, Parisen. Frantziako Asanblean izanen dira jardunaldiak, eta Sebastien Nadot diputatuak eta Michel Wievorka soziologoak antolatu dituzte, La bande passante elkartearekin batera. Nazioarteko gatazka andanatako esperientziak izanen dituzte hizpide, bi egunez, besteak beste, Israel eta Palestina, Kolonbia, Ipar Irlanda eta Kongoko egoerak. Izen handiko hizlari andanak parte hartuko du horietako batean.

Euskal Herriko gatazkari buruzko mahai inguruan hartuko du parte Urrutikoetxeak, 14:00etatik 16:00etara. Beste hizlari ezagun batzuk izanen ditu alboan: Brian Currin nazioarteko bitartekaria, Véronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendaria, Caroline Guibet Lafaye filosofo eta soziologoa, eta Judyta Wasowska HD zentroko kidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.