Datuak

Positiboen ehunekoa %2,8 da Hegoaldean

Osakidetzak eta Osasunbideak beste 329 kasu positibo atzeman dituzte, ia 12.000 diagnostiko proba eginda. Hegoaldeko ZIUetan 153 paziente daude.

COVID-19a detektatzeko antigeno testak Zarautzen (Gipuzkoa). GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 18a
13:54
Entzun

Transmisioari buruzko datuei so, beheranzko malda gero eta bistakoagoa da Hego Euskal Herrian. Atzo 329 COVID-19 kasu atzeman ziren birusa detektatzeko egindako testetan, eta, hala, beste behin, martxoaren 14tik aitzina erregistratutako kutsatu kopururik apalena izan da Hegoaldeko osasun agintariek emandakoa. Gainera, bada aipatzekoa den beste aldagai bat: positiboen ehunekoa %2,8 izan da atzoko testetan, 11.906 proba egin baitziren. Portzentajea nabarmen urrundu da OME Osasunaren Munduko Erakundeak mugarritzat ezarria duenetik (%5).

Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, berriz ere, atzo atzemandakoen kopuruak Bizkaian baizik ez du ehunekoa gainditu. Herrialde horretan 157 positibo zenbatu dituzte; gainerakoetan, ordea, nabarmen apalagoa da zenbatekoa: Gipuzkoan 91 izan dira; Nafarroan, 49, eta Araban, aldiz, 23.

Arindua ZIUetan
Erritmoa geldoa bada ere, presioa gero eta nabarmenago ari da arintzen Hego Euskal Herriko erietxeetan. Azken datuen arabera, COVID-19arekin eri diren 484 pertsona daude ospitaleraturik; kopurua apirilaren 2an izan zen azken aldiz 500eko langatik behitikoa. Zehazki, erietxeraturik daudenetako 331 gela arruntetan dira, eta, aldiz, 153 daude zainketa intentsiboetako unitateetan. Apirilaren 10etik erregistratutako daturik apalena da hori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.