«Kutsatuen kurba apaltzeko hartutako neurriak eraginkorrak direla erakusten dute datuek; bilakaera positiboa da». Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua baikor azaldu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoaren gainean egindako adierazpenetan. Azaldu duenez, kutsatzeen beheranzko joera nabarmena da azkenaldian. Halere, zehaztu du intzidentzia handia dela oraindik, eta «zuhurtziaz» jokatzera deitu ditu herritarrak. «Esperantzarako arrazoi aski ditugu, eta horrek animatu behar gaitu neurriak betetzera». Sagarduik nabarmendu du alarma egoera bukatuta «nabarmen» handitu dela interakzio soziala eta, beraz, «erne» izanen direla datozen egunetako bilakaerari.
Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroaren koordinatzaileak atzo egindako adierazpenak ere hizpide izan ditu Sagarduik. Hain zuzen, Simonek iragarri berri du «laster» egin ahal izango direla maskararen erabilera arintzeko «urrats zehatzak». Osasun sailburuaren iritziz, oraindik ere goiz da pauso hori emateko. «Zalantzarik gabe, hori da guztiok nahi genukeena, baina hori gizartearen gehiengoa immunizatua dagoenean baizik ez da posible izanen, eta ez da halakorik gertatu», adierazi du. Nabarmendu duenez, ulertzen du «albiste itxaropentsuak» eman nahia, baina argitu du Osakidetzak nahiago duela ziurtasunez hitz egin, «espekulatu gabe».
COVID-19aren kontrako txertaketa da Osakidetzaren lehentasun nagusietako bat, Sagarduiren esanetan. Azaldu duenez, datozen egunetarako asmoa da 70 eta 79 urteko herritarren txertaketarekin amaitzea. Zehaztu du dagoeneko «inor gutxi» gelditzen dela dosia hartu gabe, eta azaldu du falta diren horiei ordua emateko zereginean ari direla gaur egun; ordurik ez dutenei dei egin die Osakidetzarekin harremanetan jar daitezela, nork bere osasun etxera deituta. Gainera, 60 eta 69 urtetik gorakoen txertaketa prozesua ere «oso aurreratua» dela jakinarazi du sailburuak; aste honetan dute horiekin bukatzeko asmoa ere. 50 eta 59 urtekoekin ere hasiak direla zehaztu du.
«Arriskuan gara oraindik»
Kutsatuen kurba maldan behera izanik ere, Itziar Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak azaldu du oraindik ere «denbora asko» falta dela pandemia desagertzeko, eta ohartarazi du «oso litekeena» dela birusaren aldaera berriek «hondamen gehiago» ekartzea: «Edonoiz eta edonon gerta liteke, bat-batean, munduko edozein txokotan sortutako birusaren aldaera baten agerraldi bat».