«Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikaren ondorioz hildako pertsonei errekonozimendu ofiziala eta erreparazioa nola eskaini eztabaidatzen hastea». Eztabaida hori plazaratzeko helburuarekin, agerraldi bat egin dute Egiari Zor-ek eta Etxerat-ek Bilbon; estatu indarkeriaren biktimen aldeko fundazioa da lehena, eta preso, iheslari eta deportatuen senide eta lagunak batzen dituen elkartea bigarrena, baina «helburu komun» batek elkartu ditu gaurko agerraldian: «Euskal Herriak bizi duen eraikuntza une honetan, salbuespenezko espetxe politikaren ondoriozko indarkeria jasan duten pertsonei dagozkien eskubideak bermatzeko beharrak».
Ibon Garate eta Lander Maruri salbuespenezko espetxe politikak eragindako bi biktimaren senideek hartu dute hitza, eta haien alboan izan dira Tasio Arrizabalaga Egiari Zor-eko kidea eta Nagore Mujika Etxerat-ekoa. Garatek eta Marurik azaldu dutenez, «agertoki berrian» bizikidetza eraikitzea dute lehentasun, baina horretarako beharrezko jo dute memoria lantzea; tartean, kartzela politikaren eraginez presondegietan hil edo urrunketaren ondorioz errepide istripuan hil direnena.
Gogorarazi dutenez, sei hamarkadatan 35 preso hil dira kartzelan; horietatik hamahiru, azken hamar urteetan. Gainera, hamasei senide edo lagun hil dira kartzelara bisitan, eta beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten espetxeratzea saihesteko: «Heriotza horiek guztiek badute zerbait komuna: guztietan, salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria izan da. Guztietan izan da erabaki politiko bat, edo erantzukizunik eza, zuzenean edo zeharka, pertsona horiei eragin dien indarkeria eragin duena».
Indarkeria horren barruan aipatu dituzte presoak sakabanatzea eta urruntzea, osasun arreta ukatzea, tratamenduak jasotzeko zailtasunak izatea, ospitaleratze edo ebakuntzak atzeratzea, gaixotasun sendaezinen aurrean «protokoloak berandu eta modu arbitrarioan» aplikatzea eta bizi baldintza gogorrak ezartzea erregimen itxietan; esaterako, luzerako bakartzea: «Iraganean sufritu dugunaren antzeko ezer berriro gertatuko ez dela bermatzea etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko oinarririk onena da. Eta hori memoriaren bidez baino ez da posible izango, memoria kritiko inklusibo baten bidez, gertatu den guztia eta jasan dugun guztia, baita aipatu berri ditugun heriotzak ere, aintzat hartuko dituena».
Bi elkarteek uste dute eztabaida horri ekiteko garaia dela, eta horretarako «prest dagoen gehiengo politiko eta soziala» badagoela. Ildo horretan, gogora ekarri dute udal ugarik aitortu dutela presoen urruntzeak horien senideei eragindako sufrimendua.
Eskaerak Jaurlaritzari
Eusko Jaurlaritzak 2019ko irailean zabaldu zuen Espainiako Estatuak eragindako giza eskubideen urraketen biktimen aitortzarako eta erreparaziorako eskaerak egiteko epea, eta, gaur, elkarteek jakinarazi dute «sakabanaketaren ondorioz hildako pertsonen eskaerak» aurkeztu dituztela, «jakinik legea ez dagoela berariaz bideratuta gaur egun duen formulazioarekin kasu horiek aitortzera eta erreparatzera». Edonola ere, azaldu dute hala egin dutela «salbuespenezko espetxe politika urte luzeek zuzenean eta zeharka eragin dituzten heriotzek planteatzen duten erronkari aurre egiteko unea iritsi dela» uste dutelako: «Heriotza hauek ekidin zitezkeen. Giza eskubideak mendekuaren, zigor erantsiaren edo ustezko segurtasun irizpideen gainetik gailendu izan balira, errealitatea oso bestelakoa zatekeen. Salbuespenezko espetxe politikak heriotzak eragin ditu, eta horiek ere beren lekua izan behar dute memoriaren mapan, etorkizuneko bizikidetza elkarrekin eraikitzen jarraitu ahal izateko».