Zaldibarko batzokian (Bizkaia) Ertzaintzaren aurkako kartelak jarri eta zakurrei jarri ohi zaizkien mozalak zintzilikatu dituzte bart gauean. EAJko Bizkai Buru Batzarrak jakinarazi duenez, maiatza hasi zenetik hamabi batzokitan pintaketak egin edo kartelak jarri dituzte, eta, beraz, salatu du «jazarpen, mehatxu eta hertsapen kanpaina» bat dagoela Bizkaiko batzokien kontra. «Halako ekintza kolektibo eta antolatuak berehala eteteko» eskatu du, «amorru eta gatazka giroa sortzea baino ez baitute helburu».
Gertatutakoa gaitzetsi du BBBk, eta gainerako alderdiei eskatu die gauza bera egin dezaten: «Gertaera horiek erakusten duten gauza bakarra da pertsona batzuen ahultasun politikoa eta kultura demokratikorik eza, euskal gizartea iraganeko garaietara itzultzea baino ez baitute bilatzen».
Zaldibarko batzokian jarri duten kartelak Ernai gazte antolakundearen ikurra darama, eta, Radio Euskadin, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak ezker subiranistari zuzendu dio kritika: «Sorturen gazteria hiru zatitan banatuta dago. Adar ofizialak nola erakutsi nahi du abangoardia izaten jarraitu nahi duela? EAJri egurra ematen. Hori da tristea: beren kontraesanak ezkutatzeko, EAJ astintzen dutela, eta EAJ nekatuta dago».
Gaiaz galdetu diote Jone Goirizelaia EH Bilduko Bilboko zinegotziari Onda Vasca irratian, eta adierazi du indar subiranista ez datorrela bat alderdi politikoen egoitzetan pintaketak egitearekin. Haatik, ez du uste egokia denik Ertzaintzak gorroto delitu bat dagoen ikertzea; izan ere, gogorarazi du kolektibo jakin batekoak izateagatik erasotzen dituzten pertsonak babesteko jasotzen duela Zigor Kodeak gorroto delitua.