Joan den apirilaren 26tik etenda zegoen ohiko kirurgia programatuari ekin dio berriro Osakidetzak. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ohar batean. Apirilaren 26an bertan behera geratu ziren «premiazkoak» ez ziren ebakuntza oro, osasun sistemaren gaineko presioa handia zelako, eta erabaki zen ebakuntza onkologikoak, premiazkoak edo atzeraezinak baino ez zituztela egingo, gutxienez bi astez. Kutsatzeen apaltzeak aukera eman zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleek beren ohiko jarduera apurka berreskuratzen hasteko joan den astean, eta, gaur, Osakidetzako sare osoan ekin zaio berriro atzeratutako ebakuntzak egiteari.
Orain, Osakidetza Zainketa Intentsiboetako Unitateen Kontingentzia Planaren 3. mailan dago –5 egoera jasotzen ditu planak–. Osasun Sailak azpimarratu du egoera «kezkagarria» dela oraindik ere: ospitale sareak gaixo kritikoentzako 368 ohe ditu zabalik, eta, haietatik %39,6 COVID-19aren ondoriozko konplikazioengatik ospitaleratutako pazienteek okupatzen dituzte: 146 ohe, guztira. Joan den apirilaren 26an, ohiko ebakuntzak bertan behera utzi zituztenean, 192 paziente zeuden Osakidetzaren ardurapeko zentroetako ZIUetan.