Joan den astean, Euskalgintzaren Kontseiluak iritzia eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak plazaratutako epaiaz; alegia, Irungo Udalak hamabi udaltzain kontratatzeko egindako hizkuntz eskakizunak atzera botatzen dituen ebazpenaz. Hala ere, eta afera «oso larria» dela iritzita, hedabideen aurrean agertu da, Kontseilua osatzen duten eragile ugarien zenbait ordezkarirekin agertu ere. Han izan dira AEK, BERRIA, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, EMUN, EHE, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEU, Uema, Eusko Ikaskuntza, OEE eta beste zenbait elkarteren ordezkariak ere.
Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok esan duenez, ebazpenaren oinarria ez da juridikoa, «politikoa» baizik: «Magistratuek epaia idatzi zuten, eta, ondoren, saiatu dira epai hori justifikatzen. Horretarako estrategia desberdinak baliatu dituzte: jurisprudentzia berria baztertu dute, eta hizkuntza eskakizunen prozedurari ez diote jaramonik egin». Haren iritziz, Irungo Udalak «arazo bat» dauka orain: EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia beteko balu, legea urratuko luke.
Edonola ere, Kontseilua osatzen duten elkarteek ez dute uste Auzitegiaren epaia salbuespena denik: «Ikusten ari gara epaitegi eta auzitegietatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideen urraketak are gehiago ahalbidetuko dituzten epaiak», esan du Bilbaok, eta, batez ere, Nafarroako Justizia Auzitegia eta Espainiako Auzitegi Gorena aipatu ditu.
Euskalgintzako eragileek uste dute «batasunaren bidetik» erantzun behar zaiola epaiari: «Ez da bidezkoa, ezta zilegizkoa ere, komunitatea euskaraz bizitzeko egiten ari den ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea». Horregatik, zenbait ekinaldi iragarri dituzte, hala nola Irungo Udalari «babesa» eskaintzea helegitea aurkezteko erabakian, eta nahi izanez gero «laguntzailekide gisa jarduteko prestasuna» agertzea; eta eragile politiko eta sindikalei ostegun arratsaldean egingo den bilkura baterako deia egitea, epaiari erantzun bateratua emateko aukerak aztertzeko helburuz.
Herritarrei ere desadostasuna agertzeko aukera eman nahi die Kontseiluak, eta, horregatik, datorren larunbatean, elkarretaratze bat egingo dute eguerdian, EAEko Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzaren aurrean.