Espetxe politika

Presoen gizarteratzea sustatzeko erakunde publiko bat sortuko du Eusko Jaurlaritzak

Erakunde publiko berria «malgua» eta «aldakorra» izanen dela nabarmendu du Artolazabalek, eta presoei «bigarren aukera bat» ematea izanen dela helburua. 

Beatriz Artolazabal espetxe ereduari buruzko jardunaldian, larunbatean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 17a
12:20
Entzun

Presoen gizarteratzea sustatzeko erakunde publiko bat sortuko du Eusko Jaurlaritzak: Aukerak. Datorren urteko urtarrilean hasiko da lanean erakunde berria, behin espetxe eskumenen transferentzia egikaritzen denean.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurreratu du albistea, gaur Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Artolazabalek nabarmendu duenez, erakunde publikoa «malgua» eta «aldakorra» izango da, eta presoei «bigarren aukera bat» ematea izanen da helburua: «Aukerak zubi bat ere izango da, gizarteak laguntza eman diezaien kasu askotan estigmatizatuta eta aurrez epaituta dauden pertsona horiei».

Espetxe eredu berrian garatuko dituzten jardueren berri ere eman du sailburuak. Bertzeak bertze aipatu du presoei lana emango dieten ekoizpen tailerrak sortzea eta kudeatzea, bai eta egindako produktuak edo zerbitzuak merkaturatzea ere.

Joan den astelehenean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak espetxe eskumenen transferentzia, eta larunbatean,Euskal espetxe eredua izenpean, jardunaldiak egin zituzten, eredu berriaren nondik norakoen berri emateko. Bertan Jaime Tapia Jaurlaritzaren espetxe eskumena kudeatzeko aholkulariak nabarmendu zuenez, garrantzitsua da erdi-askatasunezko erregimenak, hirugarren graduak eta baldintzapeko askapenak indartzea. «Hori da abiapuntua: erregimen horiekin, arrakasta handiagoa izan ohi da askatasunaz gabetuta dauden pertsonak gizarteratzean».

Ekintza lerroak

Larunbatean egindako saioa abiapuntu «bikaina» izan dela nabarmendu du Artolazabalek, eta nabarmendu du hemendik aitzinera ere sektore gehiagorekin elkartuko direla haien aldarrikapen eta iritziak ere jasotzeko. Orain arte espetxeetan egindako lana «ondo» egindakoa izan dela nabarmendu du Artolazabalek, baina Jaurlaritzaren ekintza lerroak bertze batzuk izanen direla kontatu du: «Genero ikuspegia, aita eta/edo ama espetxean dituzten adingabeak, presoen osasuna, bereziki osasun mentala eta adikzioak…». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.