Sei gurpil ditu Txinak Marteren azalean jarri duen Zhurong gailuak. Txinako mitologiako suaren jainkoaren izena jarri diote robotari. Euskal Herrian gauerdia zela heldu da planeta gorrira.
Xi Jinping presidenteak zorionak eman dizkie misioan lan egin dutenei, eta esan du «lorpen izugarria» dela herrialdearentzat. Izan ere, bakarrik estatubatuarrek lortu dute orain arte ibilgailuak arrakastaz jartzea Marteko azalean. Planetako Ipar hemisferioko Utopia Planitian marteratu dute gailua. Izenak adierazten duen bezala, lautada handi bat da, eta aldaparik eta harri handirik ez daudelako aukeratu dute.
Azalera heldu ondoren, eguzki plakak zabaldu ditu gailuak, eta lehenengo seinalea bidali du Lurrera.
Hasieran, babesteko kapsula batean jaitsi da ibilgailua. Hark babestu du planetaren atmosfera finaren aurkako marruskadurak eragindako berotik. Ondoren, paraxuta zabaldu du, jaitsiera leuntzeko. Azkenik, suziriak piztu ditu gailuak, marteratzeko lekuraino bidaiatzeko eta han lurreratzeko. 240 kiloko gailua da Zhurong.
Txinak baditu lehen ere ibilgailuak Ilargian, baina lehen aldiz jarri du halako bat planeta gorrian.
Teknologia erakustaldia egiteaz gain, zientzia helburuak ditu misioak. Txinako espazio agentziaren helburua da gailuak gutxienez 90 egun irautea Marten. Marteko egunak, alegia: 24 ordu eta 39 minutukoak. Planetako harrien osaera kimikoa aztertzeko gailuak ditu robotak. Horrez gain, baditu lur azpiko ura edo izotza bilatzeko radarrak ere.