Espetxe eskumenaren eskualdatzea izan dute mintzagai gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin duten osoko bilkuran. Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C's-ek ereduari buruzko informazioa eskatu diote Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari. Ereduaren helburua presoak gizarteratzea izango dela esan du.
Alderdien galderei erantzunez, ereduaren hainbat zertzelada eman ditu Artolazabalek. «Orain, lan handia egiteko hilabeteak ditugu aurretik, forma ematen jarraitzeko eredu propio eta pertsonan zentratutakoari, delituren bat egin eta askatasuna kendu dietenen gizarteratzea bilatuz». Helburua berriro delituren bat egiten dutenen ehunekoa txikitzea dela esan du, eta horretarako pertsona bakoitzarekin lan egingo dutela, «integratzeko aukerak ematen saiatuz».
Biktimengan ere pentsatzen dutela ziurtatu du Artolazabalek: «Biktimak dira eta izango dira gure bizikidetza eta giza eskubideen politikaren erdigunea, biktimekiko zorra kitatzetik urrun baitago oraindik». Baina ohartarazpen bat egin du: «Biktimak eta espetxe politika ez dira hitz antagonikoak, ezta aurrez aurre daudenak ere». Beraz, bide errestauratiboaren aldeko apustua berretsi du. «Ez da ulertzen presoen eskubideak babestea biktimentzako bidegabekeria denik».
PP+C's-ko legebiltzarkide Luis Ignacio Garrilok esan du ematen duela Eusko Jaurlaritzak bestelako eredu bat ezarri nahi duela. Haren hitzetan, hiru zenbaki garrantzitsutan «tranparen bat edo engainua» egon da. Azaldu du esan izan dela 1.300 lagun daudela preso Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta erdiak daudela hirugarren graduan, baina bertako kartzeletatik kanpo ere badaudela bertan sustraitutako pertsonak, eta hori nola geratuko den argitzeko eskatu du. «Presoen talde handi bat egon daiteke, azkenean Euskadiko espetxeetara esleitzen direnak». Artolazabalek esan du arlo horretan ez dela arazorik egongo, kartzelak %50ean daudelako. Espetxeetako 700 langileekin izandako jarrera ere kritikatu du Gordillok. Izan ere, nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzari haien «soldata eta euskara maila» soilik interesatu zaizkio. Azkenik, zalantzan jarri du preso gehiago etorriz gero 70 milioi euroko aurrekontua nahikoa izango ote den. Artolazabalek esan dio euren hitzetan eta hedabideetako informazioaren «irakurketa interesatua» egiten duela.
Nola aldatuko dute eredua?
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak begi onez ikusi du espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku utzi izana. Gustuko ditu aurkeztutako oinarrizko lerro estrategikoak ere, «ikuspegi errestauratiboaz, birgizarteratzaileaz eta pertsonen duintasunaz hitz egiten delako».
Egungo eredutik eredu berrira nola aldatzeko asmoa duten galdetu dio Artolazabali, eta hark erantzun dio lanaren bidez aldatzeko asmoa dutela, eta «zerbait esateko duten eragile eta pertsona guztiekin». Gazte Justiziaren sisteman izandako esperientzia baliagarria izan daitekeela uste du, eta «bi hamarkada hauetan egindako lanak emandako esperientziatik eta lan horren bidez ikasitakotik» abiatuko direla.