Sagardui gaitzesteko proposamena atzera bota dute EAJk eta PSEk

Txertaketa irregularren auzian «gezurretan» aritzeagatik aurkeztu du EH Bilduk gaitzespen proposamena, eta PP-C's eta Elkarrekin Podemosen babesa lortu du. EAJk eta PSEk babes osoa azaldu diote Osasun sailburuari.

Gotzone Sagardui, Josu Erkoreka eta Iñigo Urkullu, gauko osoko bilkuran. DAVID AGUILAR/ EFE
edurne begiristain
2021eko maiatzaren 13a
13:58
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua gaitzesteari buruzko proposamen eraman du EH Bilduk gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako txertaketa irregularren auziagatik. PP+Cs-ek ere Osasun sailburua gaitzesteko eskaria egin du, osoko zuzenketa baten bitartez. Eskariak, baina, atzera bota ditu Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSEren botoekin.

EH Bilduk otsailean erregistratu zuen gaitzespen proposamena, txertaketa irregularren auzia jakin eta gero, baina haren eztabaida gelditu egin zuen, «Jaurlaritzari konfiantzarako tarte bat» emate aldera. Hala ere, iragan astean EAJk eta PSE-EEk txertaketa irregularren inguruko agerraldi eskeak atzera bota ostean, Sagardui gaitzesteko ekimena osoko bilkurara eramateko pausoa eman zuen berriz koalizioak.

Gaurko eztabaidan, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PP-C'Sk «gezurretan» aritzea eta gertatutakoaren erantzukizunak bere gain ez hartzea aurpegiratu diote Sagarduiri. «Onargarria da erabakietan ez asmatzea, baina onartezina da gezurra esatea eta gehiengo osoa erabiltzea gezurra estaltzeko», salatu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. EAJk eta PSEk, ostera, babes osoa agertu diote Osasun sailburuari, uste dutelako eman beharreko azalpenak eman dituela, eta Sagarduiren aurkako «epaiketa sumarisimoa» egin nahi izatea egotzi diete oposizioko taldeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.