Dosi bat baino gehiago behar dituzte COVID-19aren kontrako txerto gehienek, eta duda egon da orain arte txerto mota ezberdinak nahasteak izan ditzakeen ondorioez; hasi dira argitzen, hala ere: Oxfordeko Unibertsitateko ikerketa talde batek azterlan baten emaitzak aurreratu ditu, eta adierazi du txertoaren ondorio kaltegarriak areagotu egiten direla txerto mota ezberdinak nahasita.
Txertoa hainbat modutan jarrita zer gertatzen den aztertu dute ikertzaileek; esaterako, aurrena Pfizer etxearena jarri eta gero AstraZenecarena jartzea, edota alderantziz. Eta kasu bietan ikusi dute ondorio kaltegarriak handiagoak direla halakoetan marka bereko bi txerto dosi jartzen direnean baino.
The Lancet aldizkarian eman dute ikerketaren berri. Kasu guztietan, hala ere, ondorio kaltegarriak berehala desagertu zirela esan dute, eta ez zutela aparteko larritasunik izan. Ikerketa oraindik burutzeko dagoela esan dute, baina lehenbailehen eman nahi izan dutela aurrerapen baten berri. Izan ere, hainbat herrialde ari dira aztertzen txertoak jartzeko eran aldaketak egitea. AstraZeneca etxeak egindako txertoa tronbo kasu batzuekin-eta nola lotu den, esaterako, adin tarte batzuetan ez jartzea erabaki dute hainbat tokitan, bigarren dosia atzeratzea, eta jada lehen dosia jasotako milaka pertsona daude orain zain, bigarren dosia nola osatuko zaien jakin nahian.
Espainiako Osasun Publiko Batzordea da, esaterako, AstraZeneca txertoaren lehen dosia jasotako 60 urtetik beherako pertsonei bigarren dosia zelan jarriko dieten erabakitzeko duen administrazioetako bat. EMA Sendagaien Europako Agentziak bigarren dosia ere AstraZenecarekin jartzea ontzat emana du, baina Espainiako erakundeak datorren astera arte ez duela erabakiko jakinarazi zuen atzo Osasun ministro Carolina Dariasek; «erabaki onenaren» bila ari direla argudiatu zuen.