Txiki gelditu da Gamarte (Nafarroa Behera) Mixel Berhokoirigoini azken agurra emateko jende uholdearen aitzinean. Larunbatean zendu zen laborari eta bakegile ezaguna, 69 urterekin, eritasun baten ondorioz, eta gaur egin dute haren aldeko hileta elizkizuna haren herriko elizan.
Ikusi gehiago:argazki bilduma
Jende andana bildu da laborantzan eta herrigintzan urteetan izan dituen engaiamenduak aitortu, haren ekarpena goraipatu, eta militantzian emandako bizitza omentzera. Euskal Herri osoko politikako, kulturako, sindikalismoko eta gizarte arloko eragileetako ordezkariak, hautetsiak eta herritar andana, Berhokoirigoinek zuen bateratze gaitasunaren adierazgarri. Bertan izan da, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria; Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute ordezkaririk bidali.
Azken 40 urteetako «bidelaguna» aipatu du Jose Bove laborari, militante eta europarlamentari ohiak: «Zinezko ekarpena egin du, Euskal Herrian eta harago, laborariei eta baserrialdeari alternatibak proposatzeko». Halaber, haren nortasunaz «harro» den Euskal Herri «ireki» baten aldeko engaiamendua aipatu du. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak gizon «apala eta isila» goraipatu du, «herri honentzako hain inportantea izan den aro bati bidea irekitzeko ezinbestekoa» izan dena: «Horrelako asko beharko ditugu bidea aurrera egiteko»
Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak Berhokoirigoinen «ausardia» azpimarratu du, ETAren armagabetze zibilean, eta euskal presoen gaian eta Ipar Euskal Herrian egin diren urratsetan izan duen zeregina aitortu. Haren «aholkuak eta gogoetak» eskertu ditu: «asko ikasi dugu harengandik». Pertsona «transbertsala eta bateragarria» zela erran du: «jakin izan du sektore ezberdinen artean lan egiten». Haren «pragmatismoa» nabarmendu du azkenik: «Jende gutxi da bera bezala adostasun espazioak aurkitzeko gaitasuna duena. Galera handia da. Oraindik egin behar dugun bidean beharrezko pertsona zen».
Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondorengoak «militante abertzale aparta» oroitu du, Ipar Euskal Herriko «borroka estrategikoetan» jardun duena. «Justizia eta askatasunaren oinarri, borroken aniztasunaz jabeturik, ekarpen bereizia egin du. Jakin du borroka irabazgarriak planteatzen, sektore ezberdinen artean lotura eginez». Maialen Lujanbio bertsolariak «pertsona eredugarria» aitortu du: «Ekimena izan du hainbeste arlotan, inori baimenik eskatu gabe, ekinez. Bidegilea izan da».
Fedea eta engaiamendua, bateraturik
50 urtez militante izan dela goretsi du elizkizunean Peio Iralurrek, urteetan Berhokoirigoinen bidelagun izan denak. Euskaldun Gazterian sartu zirenean «zer egin nahi duzu zure biziaz» galderari eman zion erantzuna oroitu du: «ene bizia izanen da engaiamendu oso bat» erantzun zuen Berhokoirigoinek. «Azken hatseraino» borrokatu dela azaldu du Iralurrek, eta hamarkadetan arloz arlo egindako lana aipatu du, laborari txiki gisa, Frantziako ministroen aitzinean, epaitegietan, Luhuson... «Hik erein haziak hozitu dituk; misioa bete duk». Eta anekdota batekin deskribatu du Berhokoirigoinen izaera: «biltzar nagusian taula gainean zen; biharamunean, erratza pasatzen».
«Itzal handiko arbola» zen Berhokorigoin Mikel Epaltza apezaren hitzetan, «berak nahi izan gabe». Gamarteko laborariaren engaiamendua eta fedea parekatu ditu, haren ehorzketa «hautatu» duela erranez. «Ez zuen nahi gainetik inposatzen den sineste bat, baizik eta gure izerdietatik eratorria». Bakegintzan egindako urratsak goraipatu ditu, eta azpimarratu bururaino atxiki dituela haren asmoak. Eri zela, mezu bat bidali zion Lorentxa Beirie euskal preso ohiari, askatu berritan, «ez baita bakerik presoak askatu gabe».
Elizatik ateratzean, laborantza eragileetako ordezkariek egin diote azken agurra, Baionako bestetan ezarri ohi den laborarien txokoko trixerta soinean zutela, eta aurreskua dantzatu diote. Etxalde proiektuan bidelagun izan dituen Maite Aristegik eta Xabier Arriaga Txiplas-ek bertso bana kantatu diote. Laborantza odolean eta herrigintza muinean izan dituela kantatu dio Arriagak. Aristegi: «Zuk ereindako sail oro jorratzen dugu segituko; zure ametsa, zure argia, ez dira inoiz itzaliko».