Euskara

Behatokiak gaitzetsi egin du bertan behera utzi izana Irungo udaltzain izateko hizkuntza eskakizunak

EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du euskara beharrezkoa izatea «diskriminatzailea» dela. Behatokiaren eta Kontseiluaren arabera, epaia juridikoa ez baizik «politikoa« da.

Bi udaltzain, kalean, Lekeition. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 12a
13:37
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko epaia eman zuen atzo, euskara ez dakitenentzako «diskriminatzailea» dela argudiatuta. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak erabaki hori gaitzetsi dute, azpimarratuz eskubideen urraketa «betikotu» dezakeela.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren arabera, epaiak Irungo herritarren hizkuntza eskubideari erasotzen dio: «Herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko badira, horretarako langile gaituak behar dira, eta langile elebidunak dira herritar guztiei zerbitzua eman diezaieketenak». Adierazi duenez, lanpostua lortu ahal izateko euskara beharrezkoa ez izateak baldintzatu egiten du herritarrek udaltzaingoarekin euskaraz egiteko duten eskubidea. «Horren lekuko dira Behatokiak jasotako herritarren bizipenak». Joan den ostiralean, hain justu, herritar batek salatu zuen Getxoko Udaltzaingoak hizkuntza eskubideak urratu zizkiola.

Behatokiko eledunak gogoratu du, legearen arabera, herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea dutela. «Herritarren eskubideak, ongizatea eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbestekoa da euskaraz zerbitzua eskaini ahal izatea. Epai eta aurrekari honek EAEko herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu publikoei kaltea eragin diezaieke», nabarmendu du.

Gaitzespenarekin bat egin du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, eta epaia «esku hartze bortitza» izan dela salatu du. Hala, adierazi dute epaia juridikoa ez baizik «politikoa» dela. «Euskararen normalizazioa galgatzeaz gain, euskara bigarren mailako hizkuntza eta, ondorioz, euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzeko asmoa erakusten du. Elebakarren pribilegioak balizko eskubide bihurtu nahi ditu, horrek guztiak herritarren eskubideak betikotuko baditu ere». Bilbaok azpimarratu du aztertzen ari direla erasoari nola erantzun.

Nafarroako epaia

Jakinarazi dutenez, Nafarroako Auzitegi Administratiboak baliogabetu egin du Atarrabiako Udaleko lantalde organikoko lanpostu guztietan euskara jakitea meritua edo betekizuna izatea. Aurretik, euskara nahitaezkotzat jotzen ez zen lanpostuetan, meritu gisa baloratzen zen, baina hori ezeztatu egin du auzitegiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.