Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak koska bat gehiago zabaldu dizkio ateak Janssenen txertoari: 50 eta 59 urte arteko pertsonek ere jasotzen ahalko dute. Dena dela, batzordeak atzo jakinarazi zuenez, 60 urtetik gorakoen txertaketan aurrera egiteko baliatuko dute lehenbizi Janssenen txertoa, eta ondotik ekinen diote 50 urtetik gorakoak harekin txertatzeari.
Gainera, nabarmendu dutenez, Janssenen txertoa dosi bakarrekoa izatea abantaila izanen da gizarteko beste talde batzuen txertaketan aitzina egiteko. Horregatik, konpainia horren dosiak jarriko dizkiete, adibidez, gaitz psikologikoak dituzten zenbait talderi. Erantsi dute, gainera, «arrisku handiko herrialdeetara» misioak egitera doazenak ere lehenetsiko direla Janssenen txertoa har dezaten.