Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota du etxeratze agindua

Erabakiaren arabera, etxeratze aginduaren neurriak ez du egungo beharren eta proportzionaltasunaren erregela betetzen. Ostalaritzako establezimenduetako terrazen ordutegi muga ere ez du berretsi, etxeratze aginduari lotutako neurri bat delako.

Corellako herritar batzuk, maiatzaren 2an, kalean jarritako mahai batzuetan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Nagore Arin.
2021eko maiatzaren 11
13:30
Entzun

Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak indarrean mantendutako etxeratze muga: gaur egun, gaueko 23:00etatik goizeko 6:00ak bitarte zehaztuta dago muga hori. Gauean gerta daitezkeen jende pilaketa ugariak eta kaleko edana eragozteko hartu zuen erabaki hori Nafarroako Gobernuak, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak deuseztatu egin du, eta adierazi du neurriak ez duela beharren eta proportzionaltasunaren erregela betetzen. Ostalaritzako establezimenduetako terrazen ordutegi muga ere ez du berretsi, etxeratze aginduari lotutako neurri bat delako.

Erabakiarekin batera adierazi dutenaren arabera, kaleko edana eta jende pilaketa horiek eragotzi nahi izana ez da nahikoa arrazoi hain modu «inbaditzailean» oinarrizko eskubideak mugatzeko. Gaineratu dutenez, neurri murriztaile horiek «ez dituzte behar bezala justifikatu beharraren eta proportzionaltasunaren erregela betetzeko». Gainera, nabarmendu dute kaleko edanaren edo kaleko zurrutaren gaineko kontrola «legeria arrunta aplikatuz» egin daitekeela, «pandemia baino lehen egiten zen bezala».

Behin erabaki hori hartuta, Nafarroako Gobernuak errekurtso bat aurkeztu dezake Auzitegi Gorenean, eta, hori egitekotan, han aztertuko dute gaia sakonago. Nafarroako Auzitegi Nagusiak nabarmendu duenez, inoiz ez dituzte zalantzan jarri Nafarroako Gobernuak hartutako eta zehaztutako neurriak –konfinamendu perimetrala eta abar–, eta esan dute ez dutela auzitan jartzen erabaki horien eraginkortasuna. Hala ere, azpimarratu dute hori ez dela nahikoa funtsezko eskubide bat «hain neurri murriztailean» mantentzeko.

Eremu pribatuan zein publikoan gehienez sei pertsona biltzeko mugei dagokienez, salak dio «egokia eta proportzionala» dela erabakia, aurreko ebazpenetan adierazi duen bezala. «Agerikoa da kutsatze ugari gertatzen ari direla espazio horietan, neurriak malgutzen direlako; beraz, ez litzateke logikoa esatea eremu publikoan sei pertsona baino gehiagoko bilkurak ezin direla egin, eta, aldi berean, eremu pribatuan horixe bera baimentzea, horrek dakarren arriskuarekin», argudiatu dute epaileek. Gaineratu dute Nafarroako Gobernuak aurkeztutako txostenek agerian uzten dutela gune publikoetan eta pribatuetan jende asko biltzen denean kutsatze asko izaten direla, eta, beraz, gehienez sei lagun biltzeko muga ezartzea erabaki «proportzionala» dela kutsatzeak eragotzi edo gutxitu nahi badira.

Horrez gain, Nafarroako Justizia Auzitegiak ontzat jo ditu Nafarroako Gobernuak hartutako gainerako neurriak, bereziki gurtza aretoetan ezarritako edukiera mugak: «Beharrezkoak eta proportzionalak dira». Gainera, Administrazioarekiko Auzien Salak joan-etorriak mugatzeko eskumena aitortu dio Nafarroari. Beraz, herrikako itxialdi perimetralak ezartzerik izango du.

Auzitegiaren erabakia jakin bezain laster, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak esan du errespetatzen duela, baina zehatz-mehatz aztertuko dutela ebazpena. Hori bai, «harrituta» agertu da epaileek ostalaritzako terrazen ordutegiaren muga baztertzeko hartutako erabakiarekin.
 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.