13/13 auzia. Epaiketa Madrilen

13/13 auzia «irregulartasunez beteta» dagoela salatu dute defentsa abokatuek

Zortzi abokatuen aurkako prozeduran legez kanpoko hainbat jardun izan direla azaldu dute: besteak beste, entzuketak eta torturak. 

13/13 sumarioko auzipetuen abokatuak, agerraldiaren aurretik. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Maite Asensio Lozano.
2021eko maiatzaren 10a
14:19
Entzun

Euskal presoen defentsan aritutako zortzi abokaturen aurka martxan den 13/13 auzia «oinarrizko eskubideen urraketaz» eta «irregulartasunez» beteta dagoela salatu du defentsak. Auzipetuen bost abokatuetatik hiruk agerraldia egin dute gaur Bilbon, eta azaldu dute prozedura judiziala «kutsatuta» dagoela, besteak beste, legez kanpoko entzuketak egin zizkietelako atxilotuei, «tortura ebidentziak» daudelako eta auzipetuetako batzuk bi aldiz epaitu nahi dituztelako delitu berarengatik.

Aurrez akordiorik lortu ezean, uztailaren 12tik aurrera zortzi abokatu epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean: Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre Arauko, Nerea Redondo Otamendi eta Juan Maria Jauregi. Guztira 77 urteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haien aurka, ETAko kide izatea leporatuta. 2010eko apirilean izandako polizia operazio batean du jatorria 13/13 auziak: hamar lagun atxilotu zituzten Bizkaian eta Gipuzkoan, besteak beste, hiru abokatu.

Defentsa abokatuek hainbat irregulartasun antzeman dituzte prozedura judizialean. Aiert Larrartek eta Jone Goirizelaiak azaldu dutenez, CNI Espainiako Zerbitzu Sekretuek legez kanpoko entzuketak egin zizkieten auzipetuei, gutxienez 2008tik aurrera: «Komunikazio esku-hartzeari buruzko espedienteak desklasifikatzeko eskatu genuen, baina eskuratu ditugun bi autoetan informazio funtsezkoena ezabatuta dago; ez dakigu zer dagoen paper horietan». Jardun hori ez dator bat prozedura kriminalaren legearekin, abokatuen arabera. Gogora ekarri dute, gainera, Guardia Zibilak abokatuen Bilboko eta Hernaniko (Gipuzkoa) bulegoak miatu zituela: «Erregistro irregularrak eta baliogabeak izan ziren, eta sekretu profesionala urratu zen».

Grande-Marlaskaren jarduna

Tortura ere izan dute hizpide abokatuek. Operazioaren egunean, guardia zibil batek agiri bat utzi zuen atxilotuetako baten etxean, ustez nahi gabe; «dokumentu operatibo eta organiko» bat zela azaldu dute Larrartek eta Goirizelaiak, eta bertan zehaztua zuten zer tratu eman behar zioten atxilotu bakoitzari: «Abokatuei, tratu bikaina; gainontzekoei, inputazio judizialak berresteko adierazpenak lortzera bideratutako tratua». Hain justu, atxilotuetako batzuek torturak salatu zituzten, eta tortura horiek egiaztatu egin dituzte, forentseen txostenek ez ezik, baita Paco Etxebarria antropologoak Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketak ere.

Fernando Grande-Marlaska egungo Espainiako Barne ministroaren rola ere gogoan izan dute abokatuek: «Hura izan zen instrukzio epailea, eta hark agindu zituen atxiloketak; Baltasar Garzon epailea zegoen guardian, eta hark bazituen atxilotuen eskubideak bermatzeko tresna batzuk martxan, baina Marlaskak bertan behera utzi zituen».

Gainera, abokatuek oroitarazi dute 13/13 auziak oinarrian duen ikerketa ere funtsik gabea dela: «David Plaren jarraipen batetik dator prozedura hau. 2008ko maiatzaren 17an, ustez Pla ikusi zuten ETAko buruzagi batzuekin, baina egun hartan Pla kartzela batean zegoen, haren bikotekideari bisita egiten. Beraz, ezinezkoa zen han egotea, baina hortik sortu zuten prozedura hau».

Inputazioei begira, abokatuek uste dute non bis in idem printzipioa urratzen ari zaiela auzipetuetako batzuei, hau da, bigarrenez epaituko dituztela jardun beragatik: «Zortzitik lau jada zigortuak izan dira euskal preso politikoei babesa eta laguntza emateagatik, eta horietako hiru 2019an epaitu zituzten Herrira-ren aurkako auzian, eta denek bete dute zigorra. Berriro epaitu nahi dituzte froga, dokumentu eta txosten berdinekin».

Akordiorik ez oraingoz

Hori guztia kontuan hartuta, «legezkotasun eremu zalantzagarriak» izan direlakoan, defentsa abokatuek txosten eta froga horiek baliogabetzeko eskatuko dute, auzia epaiketara iristen bada. Izan ere, auzipetuek joan den astean eginiko agerraldian adierazi zutenez, akordio bat lortzen eta epaiketa saihesten saiatuko dira. Asmo horiek ez dute fruiturik eman, gaur Alfonso Zenon abokatuak berretsi duenez: «Oraindik ez dago akordiorik. Saiatzen ari gara. Auzi hau anakronikoa eta zentzugabea da».

Epaiketa iritsiko balitz, ez da giro samurrik espero Auzitegi Nazionalean. Zigor arloko 4. aretoak hartuko du auzia, eta Angela Murillok zuzenduko du, hots, besteak beste Bateragune auziko epaile nagusiak. Fiskala, berriz, Jose Perals izango da, Altsasu auziko berbera. AVT eta Dignidad y Justicia taldeak arituko dira akusazio partikular gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.