Gernikako Estatutuan jasotako lau eskumen transferitzeko akordioa lortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak joan den apirilaren 16an, eta gaur izenpetu dute, Transferentzien Batzorde Mistoak Bilbon egindako bileran. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxe kudeaketari buruzkoa da eskumen aldaketarik nabarmenena, eta Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak horrek «zalantzarik gabe» daukan pisu «sinbolikoa eta politikoa» azpimarratu du bileraren ondoren hedabideen aurrean egindako agerraldian. «Eduki sozial handia du, baita inpaktu handia ere aurrekontuetan». Nolanahi ere, errepide garraioaren, ISSN kode bibliografikoaren eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren (Bizkaia) eskualdatzearen inguruan lortutako eta izenpetutako akordioei ere balioa eman die Garamendik.
1979ko estatutuan jasotako eskumenak transferitu ahal izateak erakusten du, Garamendiren esanetan, «ituna eta akordioa» direla autogobernuan aurrerapausoak eman ahal izateko «modurik eraginkorrena». Bi gobernuek adostutako transferentzien egutegia aintzat hartuta, negoziatutako aurreneko sortako 11 eskumenek transferituta egon behar zuten joan den martxorako, baina oraingoz lau daude sinatuta. Kartzelen arloko eskumenen eskualdaketak urriaren 1etik aurrera gauzatuko dituzte.
Garamendik esan du «buru-belarri» ari direla lehen sorta horretako batzuk gauzatzeko lanean, eta «ahal bezain laster» besteei ere helduko dietela. «Ez dugu amore emango falta zaizkigunak gauzatu arte, materia guztiak etxetik kudeatu arte». Sailburuaren iritziz, estatutuan jasotako eskumenak «ezinbesteko tresna» dira politika publikoak kudeatzeko, baita «herritarren ongizatea eta Euskadiren garapena bermatzeko» ere.
Miquel Iceta Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikorako ministroak ere lortutako akordioa goratu du, eta adierazi autonomia estatuaren eta Gernikako Estatutuaren «garapenean» aurrerapausoak emateko balio duela. «Tresna bat da gure lurralde ereduaren deszentralizazio politikoa eta administratiboa errealitate bilakatzeko». Haren ustez, autonomien estatuaren bidea ibili behar da, iritzita Espainia «askotarikoa eta plurala» dela. «Jarraituko dugu apustu egiten bere batasunean indartsua den eta bere askotarikotasunaz harro dagoen Espainia honengatik».
Legegintzaldirako helburua
Josu Erkoreka Jaurlaritzaren lehen presidenteordeak ere hitz egin du agerraldian, eta nabarmendu elkarrizketaren eta negoziazioaren «errezetak» ziurtatzen duela «arrakasta».«Hala da alderdien artean, baita instituzioen artean ere. Hala izan da, da, eta izango da». Autogobernua goratu du: «Autogobernu handiagoa izateak ongizate handiagoa edukitzea esan nahi du».
Eta gogoratu du bi gobernuek «kronograma bat» daukatela adostuta, «negoziazio epeekin-eta», transferitzeko falta diren eskumen guztiak eskualdatze aldera. Oroitu du, gainera, Jaurlaritzaren legegintzaldi honetarako helburua dela jasotakoa «bere osotasunean» betetzea. «Zertxobait gutxiago falta da horretarako».