Osasun publikoaren aldeko manifestazio batera deitu dute Gasteizen maiatzaren 22rako

Osasun Publikoa Aurrera plataformak antolatu du mobilizazioa. Manifestu bat kaleratu dute, eta atxikimenduak biltzen hasi dira.

Plataformaren gaurko agerraldia Gasteizen. OSASUN PUBLIKOA AURRERA
edurne begiristain
2021eko maiatzaren 10a
12:33
Entzun

Osasun arloko eta eremu soziosanitarioko hainbat langilek eta erabiltzailek prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Gasteizen, Osasun Publikoa Aurreraplataformaren izenean. Sinetsita daude Arabako osasun publikoak «bultzada eta defentsa irmoa» behar dituela, eta uste dute pandemiak azaleratu egin dituela osasun publikoak lehendik zituen arazo eta gabeziak. Horregatik, bi ekinbide martxan jarri dituzte: batetik, manifestu bat landu dute, eta zenbait eragileren atxikimenduak biltzeari ekin diote, eta bestetik, maiatzaren 22rako manifestazio batera deitu dute. Biek ala biek helburu argia dute: osasun publikoa defendatzea.

Maite Alonso, Naroa Hernandez eta Aitziber Rodriguez plataformako kideek gaur goizean azaldu dituzte manifestuaren edukiak. Adierazi dutenez, pandemiaren aurreko egoera «ahula» zen, urteetan egindako murrizketen ondorioz, eta, beraz, ziur agertu dira politikak errotik aldatu behar direla egoera honetatik irteteko. «Egoera honetatik sartu ginen baino hobeto atera nahi badugu, ezinbestekotzat jotzen dugu gizartea mobilizatzea eta epe motzeko politikek, pribatizazioak eta inbertsiorik ezak sortzen dituzten arazoen kontzientzia hartzea». Salatu dute lehen arreta izan dela Osakidetzaren inbertsio politiken «biktima nagusia», eta beharrezkoa dela hura «berreraikitzea». Horrez gain, ohartarazi dute administrazioak bazter uzten ari direla osasun mentala, eta uko egin diotela eremu soziosanitarioaren gaineko kontrol publikoari.

Orain arte, Arabako berrogei eragileren baino gehiagoren atxikimendua jaso du manifestuak, baina plataformako kideek iragarri dute babesak biltzen jarraituko dutela  maiatzaren 22ra arte. Hain justu, egun horretarako manifestazio batera deitu dute Gasteizen; 18:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik. «Kalera aterako gara, ziur baikaude ez garela pandemia honetatik hobeto aterako pandemiaren aurretik egiten ziren gauza berak eginez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.