Alarma egoera bertan behera geratu da igandean, eta nabaritu da hori Hego Euskal Herriko hainbat herritan. Herritar askok ospatu egin dute COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurri berezien arintzea, eta suziriak ere bota dituzte zenbaitek. Gaugiro epelak lagunduta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar ugari atera dira kalera gauean, etxeratze agindua eta bilkuren muga kendu izana ospatzeko. Nafarroan, etxeratze agindua indarrean da oraindik, eta auzitegiek erabakiko dute horrela jarraituko duen ala ez. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, 19:00etan etxeratu behar dute oraindik.
Birusaren transmisioaren joera beheranzkoa izan arren, egoera ez da ona. 202 gaixo larri daude Hegoaldeko ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.
Iazko urriaz geroztik lehen aldiz, libre da Hego Euskal Herriko herrialde guztien artean mugitzea. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak ezin du itxiera perimetralik ezarri, ez udalerrietan, ez herrialdeetan, ezta autonomia erkidegoan ere. Nafarroako Gobernuak ere esana du herrialdeko perimetroa zabalduko duela igandetik aurrera.
Hego Euskal Herritik Lapurdira, Nafarroa Beherera edo Zuberoara joateko, ordea, ezinbestekoa da PCR negatiboa izatea. Kontrako noranzkoan, Iparraldetik Hegoaldera joateko, funtsezko arrazoiengatik baizik ezin da muga zeharkatu, eta horietan ere beharrezkoa da PCRa, mugatik 30 kilometroko tartean bizi ez direnentzat salbu.
Eusko Jaurlaritzak lau lagun baino gehiagoko bilerak debekatu nahi zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, intzidentzia tasa 200 kasurik gorakoa zenean, baina Auzitegi Nagusiak ez du legezko ikusi hori mugatzea. Nafarroan, gaurtik aurrera, bizikide ez direnak elkartu ahal izango dira etxeetan, neurri hori malgutu baitu gobernuak: bi bizikidetza unitatetako kideak elkartu ahalko dira, sei lagun edo gutxiago badira.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostalaritzak aukera izanen du 22:00ak arte zabaltzeko; orain arte baino bi ordu geroago. Nafarroako Gobernuak malgutu egin ditu ostalaritzari ezarritako murrizketak, baina neurrien arintze hori «mailakatua» izanen dela ohartarazi du. Hala, ostatuen barnealdea itxita egonen da datozen asteetan orain arte bezala, baina terrazen ordutegia zabalduko dute, 22:00ak arte. Maiatzaren 17an, berriz, baimendu eginen da barnealdeko mahaietan kontsumitzea, 12:00ak arte barran ez, eta aukera emanen diete ostalariei bazkariak eta afariak emateko; bezeroek «ardura adierazpen bat» eta «fitxa tekniko bat» bete beharko dituzte, COVID-19 kasuren bat atzemango balitz kutsatze kateak garaiz eteteko.
Ipar Euskal Herrian, maiatzaren 19an hasiko dira irekitzen saltokiak eta terrazak, eta ekainaren 9tik aurrera barrualdeak ere irekiko dituzte.