Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak mezu argia bidali dio Boris Johnson Erresuma Batuko gobernuburuari: herritarrek bigarren independentzia erreferenduma sustatzeko babesa eman diotela, eta galdeketa hori egitea «oinarrizko printzipio demokratiko bat» dela: «Herrialdearen nahia da».
Aurtengo hauteskundeak azken hamarkadako arrakastatsuenak izan dira Eskoziako mugimendu independentistarentzat, bere inoizko ordezkaritzarik handiena errepikatzea lortu baitu. SNP Eskoziako Alderdi Nazionala gehiengo osotik aulki bakarrera geratu da, eta 64 eserleku izango ditu datorren legealdian, 2016an baino bat gehiago; Eskoziako Alderdi Berdea, berriz, sei diputatutik zortzira pasatu da, eta, hortaz, independentisten gehiengoa 69tik 72ra handitu da.
Erresuma Batutik ateratzearen aldekoek 2011ko bozetan lorturiko kopuru bera da, hitzordu horretan 69 ordezkari eskuratu baitzituen SNPk, eta bi ekologistek; horiez gain, diputatu independente bat ere agertu zen herrialdetik irtetearen alde. Hortaz, aurtengoarekin konparatuta, aldaketa nabarmenenak izan dira Alderdi Berdearen gorakada eta Sturgeonen indar politikoak gehiengo osoa berreskuratu ez izana. Hori lortzea zen bozetako helburua, batez ere Londresi begira bere jarrera sendoagoa bilaka zedin.
Eskoziako lehen ministroarentzat, baina, 65eko kopuruaren atarian geratzea ez da bigarren galdeketa egiteko oztopo izango, emaitzak baloratzeko emandako agerraldian berretsi duenez: «Garaipena historikoa eta ohiz kanpokoa izan da. Ez dago justifikaziorik bigarren erreferenduma blokeatzeko. Pandemia amaitzean egingo dugu, diputatuen gehiengoak herritarrekiko harturiko konpromisoa baita».
Beste behin ere, SNPren aldeko botoa handitu egin da —%48 ingurukoa izan da—, eta Sturgeonek arrakastatsutzat jo du joera hori, are gehiago kontuan harturik parte hartzea inoizko altuena izateko bidean dela.
Eta, horiek horrela, Eskoziako lehen ministroak ohartarazi du prest dagoela Erresuma Batuko Gobernuaren kontrako borroka konstituzional eta juridikoa abiatzeko, legezkoa eta nazioarteak onartua izango den galdeketa lotesle bat ziurtatze aldera.
Edinburgok bigarren erreferenduma egiteko lege proiektuaren zirriborroa aurkeztu zuen aurreko legealdiaren amaieran —ez du argitu noiz bozkaraziko duen—, eta dena prest da, printzipioz, 2023a amaitu aurretik hautetsontzietara deitzeko, betiere koronabirusaren pandemia amaitu baldin bada. Testu hori onartzeko, independentistek 2011ko diputatu kopuru bera izango dute, lehen galdeketarako erabili zutena.
Bigarrenerako bidea, baina, desberdina izan daiteke: hauteskundeen ostean, Sturgeonek berriz eskatuko dio Johnsoni erreferenduma egiteko baimena, eta hark ezezkoa emango dio; Eskoziako Parlamentuak, hortaz, galdeketa egiteko lege proiektua onartuko du, eta, lege bilakatu aurretik —erregetzaren baimena behar du—, Londresek auzitara eramango du, Erresuma Batuko Gorenera.
Azkenaldian, independentziaren aldekoak %50-54 artean ibili dira —2014ko erreferendumean %45 izan zen—, batez ere iragan udatik Gabonetara arte, eta ez dute lortu ezezkoarekiko tartea gehiago handitzea, hogei bat inkestatan jarraian unionisten aurretik egon arren. Orain, baina, %50era itzuli da, eta horrek independentistei ez die behar adinako segurtasuna eman erasoaldi politikoari eusteko; Eskoziako lehen ministroak iradokia du %60ra iristea nahi duela ziur egoteko.
Ikusteko dago, gainera, SNPk eta ekologistek koalizio gobernu bat osatuko duten; oraingoz ez da horri buruzko elkarrizketarik izan, baina Alderdi Berdearen buruzagietako batek kanpainan adierazi zuen agintean sartzeko prest leudekela.
Salmondek ordezkaritzarik ez
Ordezkaritzarik lortu ez duena Alex Salmond Eskoziako gobernuburu ohiaren Alba Alderdia izan da. Orain arteko inkesta eta zundaketek hori iradoki dute, eta Salmondek atzo aitortu zuen aulkiak lortzeko aukera gutxi zituztela; are, zenbaketak aurrera egin ahala, agintari ohia bera ez dute aukeratu ere egin aurkeztu egin den eskualdean.
Sturgeonek, beraz, lasaitua hartu du, balizko bigarren galdeketara biderako egutegiaren kontrola izango baitu; izan ere, Alba Alderdiak presa handiagoa erakutsi du, eta parlamentuan indar horrek ordezkariak izateak edo horien menpe egoteak eragina izan zezakeen SNPren planetan.
Unionisten artean, Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak oposizioko indar nagusi izaten jarraituko du. 31 eserleku bildu ditu (duela bost urte bezala), eta haren atzetik geratu da Eskoziako Alderdi Laborista, 22 aulkirekin (-2); Liberal Demokratak indar politikoa izan da azkena, lau aulki jasota (-1).
Alderdi horien hauteskundeotako helburua SNPren gehiengo osoa eragoztea zen, Douglas Ross kontserbadoreen buruzagiak kanpainan hainbatetan errepikatu duenez; xede hori, hortaz, betetzat jo dezakete.
Laboristak nagusi Galesen
Galesen, berriz, laboristak izan dira arrakastatsuenak, eserlekuen erdia jaso baitute, 60tik 30 (+1). Hala, Mark Drakefordek lehen ministro karguan jarraituko du, eta espero da aurreko legealdiko gobernabide akordioa errepikatuko duela Liberal Demokratak-ekin; azken horrek duela bost urteko ordezkaritzari eutsi dio, aulki bakarrekoa.
Plaid Cymruri dagokionez, huts egin du Galesen independentisten artean izandako gorakada ordezkaritzan islatzen, eta oposizioko indar nagusi izateari utzi dio. Adam Price buru duen alderdiak 60 aulkitik hamahiru bildu ditu (+1), baina toryen gorakada handiagoa izan da, eta aurrea hartu diote alderdi independentistari; kontserbadoreek hamasei diputatu izango dituzte parlamentuan (+5).