Sakabanaketa

Euskal preso eta iheslariak etxeratzeko eskatu dute Euskal Herriko 650 gailurretan

Urruntze politika bukatzeko "lehen urratsak" ematen ari direla uste du Sarek, "oso gutxinaka bada ere". Mobilizatzen jarraitzeko deia zabaldu dute mendietan

Bi lagun, gaur eguerdian, Artxandan, Sarek 650 menditan antolatutak protestetako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Tubia.
2021eko maiatzaren 8a
15:32
Entzun

Milaka lagun mendira irten dira gaur Sarek antolatutako protestan parte hartzeko. Euskal Herri osoko 650 tontorretatik eskatu dute euskal preso eta iheslariak etxeratzeko. Gaur egun indarrean dagoen espetxe politika "bidegabea" dela salatu dute, eta "elkarbizitzarako eta bakerako bidea" hartzeko borondatea agertu.

Aipatutako bidegabekeriarekin bukatzeko "lehen urratsak" ematen hasiak direla esan dute: "Euskal presoen gerturatzea ematen hasia da; urruntze politikarekin amaitzeko oraindik ere mugimendu sendorik egin ez arren, tantaka-tantaka distantzia laburtzen hasiak gara". Berdin graduen progresioari dagokionean: "Oso gutxika bada ere, ate berriak zabaltzen hasi dira".

Sarerentzat orain arteko mugimenduak ez dira aski, baina "bide berriak zabaltzeko" baliagarriak izan daitezkeela uste dute. "Inoiz baino garrantzitsuagoa da kalean konponbidearen aldeko eta presoen etxeratze prozesua garatzeko nahia azaleratzea, gehiengoaren nahia. Bultzada hori gabe ez baita sekula etxerako bidea burutuko", esan dute mendi tontorretan.

Presoen eta iheslarien afera konpontzeko bidea ez dela erraza izanen aurreikusi dute protestaren antolatzaileek. Nolanahi ere, ez dira etsipenez mintzatu: "Badakigu bakera eta bizikidetzara daraman bidea harkaitz gogorrean ireki behar dela, pazientziaz eta irmotasunez. Baina ireki daiteke. Bai horixe". Helburua lortzeko, jendeari mobiliza dadin eskatu diote. Heldu diren hilabeteetan Izan Bidea egitasmoarekin jarraituko dute, dozenaka ekintza antolatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak