Goizaldean utzi dituzte aske atzo arratsaldean Bilbon eta Gasteizen atxilotutako zortzi lagunak. Mobilizazio eguna zuen Ernaik, eta, goizeko manifestazioetan istilurik izan ez zen arren, ez zen gauza bera gertatu arratsaldean. Bilboko manifestazioa Sabin Etxea eta EAEko Auzitegi Nagusia dauden lekura iritsi zenean lehertu zen egoera. Ernaik dio ertzainak oldartu egin zitzaizkiela. Jaurlaritzaren Segurtasun sailak, aitzitik, alderantzizkoa esan du: gazteek egin zutela beren kontra. Gasteizen gazte bat atxilo hartzeko ere antzeko arrazoia eman du Ertzaintzak: identifikatzeko eskatu ziotenean, gaztea haien kontra oldartu zela.
Oldartzeen ondorioz, atxilotuetako bat Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten, sorbalda dislokatuta.
Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzeak egingo dituzte gaur, Ernaik deituta. Atzoko mobilizazio egunaren leloari eutsi diote: Larrialdi egoeran gaude, eta esaldi bat gehitu: "Eta zipaioen biolentziak areagotzen du". Atxiloketak izan ziren bi hiruburuetan egingo dituzte protestak: Bilbon, 19:30ean, Moyua Plazan, eta Gasteizen, 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.