ETS Euskal Trenbide Sareak jakitera eman duenez, Donostiako metroaren obretan beste zulo bat aurkitu dute, Kontxako kabinen forjatuaren azpian. Azaldu dutenez, ohiko ikuskapen bat egiten ari zirela ikusi dute, eguerdi aldera. Haien hitzetan, obrako eta Donostiako Udaleko teknikariek ziurtatu dute zuloak ez duela eraginik izan kabinak oinarritzen dituen forjatuaren egituran. Gaur bertan hormigoiz beteko dute zuloa.
«Itxura guztien arabera», duela urtebete sortu zen beste zulo batekin lotura izan dezake, ETS-ren arabera: «Mugimendu horrek inguruko hareen deskonpresioa eragin zuen, eta baliteke deskonpresio hark egoera hau sortu izana. Gertakari haren ondoriozko hondar mugimenduak dira».
«Zailtasunak» agerian
EH Bilduko Donostiako udal taldeak ohar bidez azaldu duenez, bizilagunen abisuen bidez izan dute gertatutakoaren berri, eta «bereziki larria» iruditzen zaie EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak egoeraren berri ez eman izana. «EH Bildutik salatu behar dugu, beste behin ere, metroko lanen inguruko guztiaren inguruan dagoen iluntasuna».
Gainera, haien hitzetan, zuloak argi erakusten du «zailtasunak» daudela eremu horretan: «Lehen zuloa agertu ondoren martxan jarri ziren euste lanek re ez dute emaitzarik eman, gaur ikusi dugunez». Horrenbestez, EH Bilduk Donostiako metroa gelditzeko eskaria berretsi du: «Beste behin ere, EH Bildutik eskatzen dugu zentzugabekeria gelditzeko, atzerapenak eta gainkostu handiak pilatzeaz gain, arrisku larrian jartzen ari baita Donostiako herritarren eta langileen segurtasuna».