EUSKAL PRESOAK

Preso bat gerturatuko dute, eta biri sailkapena malgutuko diete

Lexuri Gallastegi Almeriatik Zuerara hurbilduko dute. Gainera, Karlos Apeztegia Iruñeko kartzelatik Martutenekora eramango dute.

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa Gasteizen, urtarrilaren 9an. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2021eko maiatzaren 7a
15:45
Entzun

Beste bi euskal preso lekualdatzea erabaki du Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak. Lexuri Gallastegi Almeriako kartzelan dago (1.005 km), baina Zuerara gerturatuko dute, Euskal Herritik 245 kilometrora. Beste hamalau euskal preso daude espetxe berean.

Gallastegi 2010ko martxoaren 4an espetxeratu zuten, 30 urteko zigorra betetzeko. 2031ko ekainean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Bigarren gradua ematea proposatu du Almeriako kartzelako Tratamendu Batzordeak, eta oniritzia eman dio Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak.

Bestalde, Karlos Apeztegia Iruñeko kartzelan zegoen, baina Donostiako Martutenekora lekualdatzea onartu dute. Apeztegia 2018ko urrian kartzelatu zuten, lau urteko zigorra betetzeko, eta hiru laurdenak urrian beteko ditu. Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, ez du erantzukizun zibilik.

Horrez gain, Idazkaritza Nagusiak espetxe araudiaren 100.2 artikulua ezarriko die Javier Perez Aldunateri eta Joseba Segurolari. Horrela, malgutu egingo zaizkie bigarren graduan dauzkaten baldintzak. Perez Aldunate 2005eko otsailean sartu zuten preso, hogei urteko zigorra betetzeko, eta zigorraren hiru laurdenak 2020ko otsailean bete zituen. Iruñean dago preso.

Segurola, berriz, 2003ko uztailean kartzelatu zuten, hogei urteko zigorra betetzeko. 2018ko uztailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Burgosen dago preso, eta presondegiko Tratamendu Batzordeak proposatu du 100.2 artikulua ezartzea, ikastaro bat egin dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak