Arlo askotariko 40 profesional eta ikerlarik baino gehiagok COVID-19aren Liburu Zuria plazaratu dute. Nabarmendu dutenez, ez da dokumentu itxia, «zirriborroa» baizik. Horrekin, eztabaida sustatu nahi dute gizartean, eta, aurrerantzean, orain arte jorratu dituzten arloetan sakondu eta jorratu gabe gelditu direnak aztertu nahi dituzte.
Ugo Mayor EHUko Ikerbasqueko ikertzaileak eta Oier Ateka Donostiako ESIko Barne Medikuntza zerbitzuko medikuak esan dutenez, joan den abenduan egindako mahai inguru bat izan zen txostena egin duen taldearen sorburua. Orduan hasi ziren pentsatzen egokia izan zitekeela «arlo askotako adituak biltzea eta elkarrekin gogoeta egitea», betiere «proposamen zehatzak» egiteko xedez.
Arazo konplexua da COVID-19arena, arlo askotan eragiten duena: osasungintzan, nola ez, baina baita alor juridikoan, ekonomian, psikologian eta beste zenbait esparrutan ere. Eta, jakinik arazo konplexuei irtenbide sinplerik ezin zaiola eman, ikuspuntu askotatik heldu nahi izan diote aferari, Mayorrek esan duenez: «Gai izan gara elkar ulertzeko. Beste ikerketa batzuekin alderatuta, uste dut honen berezitasuna dela atal bakoitza gainerako ataletako ekarpenetatik elikatu dela».
175 proposamen
Askotariko begirada horien emaitza da Liburu Zuria, eta han agertzen diren 175 proposamenak. Txostena egin dutenek badakite munta horretako arazo bati aurre egitea ez dela erraza, eta, askotan, erabakiak hartu behar izan dituztenek ez dutela gogoetarako denbora askorik izan, erantzunek berehalakoak izan behar zutelako. «Horregatik, beharrezkoa da atzera begiratzea», esan du Mayorrek, «eta aztertzea zertan asmatu dugun eta zertan huts egin dugun, baina ez inor errudun egiteko, hobetzeko baizik».
Txostenaren aurkezpenean, egileek ez dute edukietan larregi sakondu nahi izan. Esan dutenez, egin dituzten proposamen guztiak garrantzitsuak dira, eta baten bat nabarmenduz gero beste guztiak alboratuta geratuko ote diren beldur dira. Baina argi dute orain arte badagoela zer hobetu: «Pandemiak orain arte zenbait olatu izan ditu», azaldu du Atekak; «horri aurre egiteko neurri batzuk hartu dira, eta ikusi dugu olatua apaldu den bakoitzean geroago arazoak errepikatu egin direla. Ez badugu aldatzen egiten duguna, leku berera itzuliko gara beti».
Mayorrek esan duenez, «ez da oso zentzuzkoa hamabost hilabeteren ondoren hasieran bezala edo antzera egotea». Baina berriro nabarmendu du «okerretan baino gehiago irtenbideetan» jarri nahi izan dutela fokua: «Aztertu nahi izan dugu zer egiten ari garen, eta horretatik zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, litekeena baita funtzionatzen ez duen zerbait egiten aritu izana orain arte».
Txostenean agertzen diren proposamenak mota askotakoak dira. Adibidez, aire zabalean egiten diren jarduerak hobestea proposatzen dute, «batzuetan horrelakoak galaraziz jendea leku itxietan batzea indartu delako, eta hori askoz arriskutsuagoa da». Telelana sustatzea, lehen arretako sarea bultzatzea, arlo publikoa indartzea eta horrelako neurriak agertzen dira Liburu Zuria-n: «Ez dira iritziak», azaldu du Mayorrek, «datuetan oinarritutako proposamenak baizik».