Datorren ikasturtean unibertsitate ikasketengatik ordaindu beharko denaren eta ikasleek horretarako izango dituzten laguntzen berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Berrikuntza nagusietako bat STEM diziplinetako graduen prezio publikoan egongo da; hau da zientziei, teknologiari, ingeniaritzei eta matematikei lotutako graduen matrikulak %5 merkatuko dituzte. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisek eman dituzte xehetasunak, gaur goizean, Gasteizen egin duten prentsaurrekoan.
Ikasketen prezioari dagokionez, zientzietako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako 30 graduren matrikularen prezio publikoak %5 jaitsiko dituzte, bokazio zientifiko eta teknologikoa piztea eta ikasleak —batez ere, emakumeak— STEM diziplinetara hurbiltzea helburu hartuta. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko gainerako gradu, master eta doktoretza ikasketen matrikulak, berriz, orain arte bezala utziko dituzte, zazpigarren urtez jarraian. Neurria lehengo urteko matrikulan eta hurrengo urteetakoan ezarriko dute. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, EHUko 64.000 ikaslerengan izango du eragina.
Baina, ikasketen prezioen bidez ez ezik, Jaurlaritzak bekekin ere lagundu nahi die familiei. Bildarratzek ziurtatu duenez, beka jasotzeko baldintzak betetzen dituzten guztiek jasoko dute, horretarako eskubidea duen ikasle kopurua edozein izanda ere. Gainera, bekaren tramiteak arindu nahi ditu Jaurlaritzak, eskatzen duten guztiek erantzuna lehen hiruhilekoan izan dezaten eta hala dagokienek urtea bukatzerako beka jaso dezaten. Gainera, beka lortzen dutenek ikasketetarako laguntza kontzeptuan gutxienez 300 euro jasoko dituzte, ordenagailua edo bestelako tresnaren bat erosteko.
Beste berrikuntza bat ere txertatuko dute datorren ikasturteko beka deialdian: zerga egoitza Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan duten familietako ikasleek beka lortzeko aukera izango dute, bertan erroldatuta ez badaude ere. Orain arte, beharrezkoa zen Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egotea.
Pandemiaren eraginari so
2021-2022ko ikasturteko unibertsitate bekak ematerakoan, COVID-19aren pandemiak sortutako egoera ere aintzat hartuko dute. Beka eman edo ez aztertzerakoan, aurreko urteko errenta aitorpena hartu ohi dute kontuan, baina, pandemiaren eraginez, uste dute gerta daitekeela orduan baino egoera ekonomiko larriagoan egotea. Hori dela eta, azken beka deialdian bezala, koefiziente zuzentzailea (%5ekoa) aplikatuko diete langabezia, aldi baterako erregulazio, enplegua erregulatzeko espediente edo antzeko egoeretan.