Neurriak arintzeko bidea «motel eta seguru» urratuko dutela esan du Txibitek

Nafarroako Gobernuko lehendakariak ziurtatu du «ostalarientzako laguntza gehiago» onartuko dituztela ekainean

Maria Txibite, gaur, Nafarroako Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2021eko maiatzaren 7a
12:03
Entzun

COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak arintzeko bidea «motela, progresiboa eta segurua» izanen da. Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiteri elkarrizketa egin diote gaur Ser irrati katean, eta esan du «zuhur» jokatu nahi dutela, iazko uda ostean atzemandako agerraldien gisakoak gerta ez daitezen. Neurrien arintze mailakatu horrez gain, ostalariei laguntzeko «neurri osagarriak» onartu nahi ditu Nafarroako Gobernuak, «murrizketen ondorioak gehien sufritu dituen sektorea delako». Ekainean onartuko dituzte laguntza horiek.

Txibiteren esanetan, neurri murriztaileak arinduko dira «egoera epidemiologikoaren hobetzea» antzeman dutelako, eta baita txertaketa erritmoa bizia delako ere: emandako 200.000 dosien langa gaindituko du Nafarroak gaur. «Horri esker, zenbait neurri arintzen hasiko gara igandetik aurrera; besteak beste, erkidegoaren itxiera perimetrala».

Hala ere, beste neurri batzuei eutsi nahi die gobernuak. 23:00ak eta 06:00ak artean etxean egoteko agindua da horietako bat. Etxeratzea bere horretan utzi nahi du Txibitek, baina aitortu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren esku dagoela hori baimendu ala ez. Gobernuak «igandean edo astelehenean» igorriko du baimen eskaera, eta etxeratze agindua behin-behinean egonen da indarrean, epaileek ebazpena eman arte.

Dena den, Txibitek esan du alarma egoera bukatzeak ez diola «kezka handirik» eragiten, eta aurreko neurri murriztaileak ere Nafarroako Auzitegi Nagusiaren oniritziarekin egin zirela: «Foru komunitatearen itxiera perimetrala babestu zuen auzitegiak, alarma egoerarik gabe ere, eta proposatu ditugun neurri ia guztiak ere onartu ditu». Horregatik uste du igandean edo astelehenean igorriko dituzten neurriak ere «onartuak izanen direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.