LAB sindikatuak oharra plazaratu du atzo Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan gertaturikoaren inguruan. Sindikatuak salatu du hainbat ikasleek irakasleekin eduki zuten jokabide «guztiz onartezina».
Oharrean adierazi dutenez, ikasle talde batek protesta egin zuen atzo, azterketa bat gogorregia izan zelakoan. Unibertsitateko Ikasle Batasuna taldeak adierazi duenez, 400 ikasletik bakarrik hemezortzik gainditu zuten. Ikasle kontseiluak kexa formala aurkeztu zuen, eta ebaluazioaren inguruko erreklamazioa aztertzen ari dira oraindik, sindikatuaren arabera.
Azaldu dutenez, ikasle talde handi bat irakasle baten bulegoan sartu zen oihuka. «Beste irakasle batzuek bulegoetan itxi behar izan zuten, tentsio egoera ikusirik», idatzi du sindikatuak oharrean. «Iruditzen zaigu guztiz onartezina dela langile horien kontra ikasleek izandako jokabidea».
Sindikatuaren arabera, ikasleek eskubide osoa daukate kexak aurkezteko eta protesta egiteko, «baina ez da batere onargarria irakasleek presioa pairatzea bere lana egitean».
LABek babesa eskaini die irakasleei, eta irtenbide bat bilatzeko eskatu die ikasleei eta eskolako zuzendaritzari. «Ezin dugu onartu ikasleen eta irakasleen arteko liskarrik unibertsitate barruan, ezta langileen kontrako jazarpenik edota mehatxurik ere».
Unibertsitateko Indar Batasunak antolatu zuen atzoko protesta, Ebaluazioan gehiegikeriarik ez lelopean. Azaldu dutenez, Fluidoen Mekanika irakasgaian Ibaetako campusean matrikulatuta dauden 400 ikasleetatik hemezortzik baino ez zuten gainditu. Gaineratu dutenez, ikasle askorentzat laugarren deialdia zen.
«Ikasle langileek etengabe pairatzen dituzten lan karga eta baldintza jasangaitzei antolatuta erantzun behar diegu», adierazi du UIBk. Ikasleen egoera «negargarria» salatu zuten fakultatearen kanpoan. Esan dutenez, aurreko egunetan ingeniaritzako ikasleen egoera salatzeko pankartak eta bestelakoak kendu ditu «fakultateko zuzendaritza taldeak», eta hori «askatasun politikoen urraketa» gisa salatu dute.
UIBek adierazi duenez, segurtasun zaindariek ateak itxi aurretik, ikasle talde batek lortu zuen fakultatera sartzea, eta «Ebaluazioan gehiegikeriarik ez» oihukatu zuten. Protesta amaitzeko, Dekanotzaren aurrean bildu ziren.