Meteorologia

Parhelio fenomenoa ikusi da euskal kostaldean

Atmosferan izotz kristalak daudenean sortzen da parhelioa. Miresmena eta jakin-mina sortu du sare sozialetan, eta artikulu berri bat euskarazko Wikipedian.

Parhelioa, atzo, Donostiako Monpasetik ikusita. EDU LARTZANGUREN
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 6a
15:29
Entzun

Donostia, Monpas ingurua, maiatzaren 5ean, 19:45 aldera. Surflariak uretan, ibiltariak hondarretan, eta bikoteak itsasoaren gaineko hormaren petrilean. Eta, bat-batean, zeruan, bi adiskide sortu zaizkio eguzkiari, ezker-eskuin. Parhelio esaten zaio fenomenoari, eguzkiaren ondoan gisa itzul daitekeena. Hizkuntza germanikoetan oso poetikoak dira haren izenak: eguzki txakur esaten diote.

Zer da, ordea, parhelioa?

Bistara, eguzkiaren ondoan, bi alboetan edo bakarrean, 22 gradura agertzen diren bi puntu distiratsu dira. Horiek lotuz, argizko biribil bat agertzen da batzuetan, eguzkiaren inguruan. Halo deitzen da hori, eta nabarmena zen atzo.

Zergatik sortzen da parhelioa?

Parhelioak sortzen dira atmosferan oso goian izotz partikula hexagonalek edo, beherago, aire hotz hezeak eguzkiaren argia errefraktatzen dutenean. Kristal horiek horizontalki flotatzen ari dira, eta argia islatzen dute; horregatik, eguzkiaren bikiak sortzen dituzte haren aldeetan. Prisma gisa funtzionatzen dutenez, argia koloretan deskonposatzen dute, eta, batzuetan oso argi ikus daitezke ostadar moduko kolore banaketak puntu bakoitzean. Baina, koloreak ostadarretan baino ahulagoak izaten dira.

Minutu batzuk bakarrik irauten dute, normalean.

Arruntak dira?

Mundu osoan ager daitezke, edozein sasoitan, baina gehienetan ez dira oso nabarmenak izaten. Baldintza bereziak behar dira oso ondo ikusteko, eta eguzkia hortzemugatik gertu dagoenean agertzen dira argien. Hala gertatu zen atzo arratsaldean.

Edonola ere, beti izan dira deigarriak gizakientzat. Aristotelesek deskribatu egin zituen meteorologiaz idatzitako testuetan, gure aroa baino 300 bat urte lehenago. Zizeron erromatarrak ere idatzi zuen horien inguruan, Kristo aurreko 50 bat urte baino lehen: «Mirari hori ikusi dutela esan dutenak ez dira gutxi, eta fidatzeko modukoak dira; beraz, arrazoi gehiago dago ikertzeko, ez sinesteko baino».

Kostaldeko hainbat lekutan ikusi zuten atzoko «miraria». Eider Cartonek berehala ezagutu zuen, baina baieztapena eskatu zuen Twitterren bidez.

Ziburutik (Lapurdi) ere ikusi zuten, eta baita argazkia bidali ere.

Zarauztik eta Bizkaiko kostaldetik ere jaso ziren lekukotasunak.

Orain arte, parhelioak ez zuen euskarazko orririk Wikipedian, baina Luistxo Fernandezek sortu du gaur goizean bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.