Infolibre agerkari digitalak argitaratu duenez, Ione Belarra nafarrak du aukera gehien UP Unidas Podemoseko idazkari nagusia izateko. Alderdi moreko iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, nahi dute emakumezko batek hartzea lidergoa, eta Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroak du aukera gehien Pablo Iglesiasen lekukoa hartzeko.
Hain zuzen, Belarrak Iglesias ordezkatu zuen ministerioan, joan den martxoan, UPko lider izandakoak erabaki zuenean Espainiako Gobernuan zituen karguak uztea Madrilgo autonomia erkidegoko hauteskundeetarako hautagai izateko.
Belarra Espainiako Kongresuko diputatua da 2016tik, eta alderdia sortu zutenetik izan da egiturako kidea. Iglesiasen gertukoa izan da beti, baita Irene Montero Berdintasun ministroarena ere. Orain, idazkari nagusirik gabe, zuzendaritzak hartuko du alderdiaren ardura. Moreen asmoa da, nolanahi ere, batzarra ahalik eta lasterren egitea eta Iglesiasen ordezkoa izendatzea.
UPko kideen artean, Moncloan Yolanda Diazek du pisurik handiena. Iglesiasek iradoki izan du moreen hurrengo presidentegaia izango dela Espainiako hirugarren presidenteordea eta Enplegu ministroa. Ezin da izan UPko idazkari nagusia, PCE Espainiako Alderdi Komunistako afiliatua baita.