Musika

Brad Mehldau, Bill Frisell, Silvia Perez Cruz eta Kenny Barron izango dira Donostiako 56. Jazzaldian

Musika jaialdia uztailaren 21etik 25era egingo da, eta bertan parte hartuko dute, era berean, Cecile McLoron Salvantek, Noak, Mulatu Astatkek eta Gonzalo Rubacabak

Silvia Perez Cruz izango da jaialdiko izen handienetako bat. KIKO HUESCA / EFE
mikel lizarralde
2021eko maiatzaren 6a
12:51
Entzun

COVID-19aren pandemiak zein bilakaera izango duen eta kultur ekitaldiak antolatzeko zer-nolako baldintzak bete beharko diren oraindik jakin gabe, baina Donostiako 56. Jazzaldiak baditu dagoeneko bere lehen parte hartzaileen izenak. Gaur jakinarazi dute antolatzaileek, besteak beste Brad Mehldau, Cecile McLorin Salvant, Noa, Bil Frisell, Mulatu Astatke, Gonzalo Rubalcaba, Silvia Perez Cruz, Kenny Barron, Buika, Arlo Parks, Aymee Nuviola, Franco D'Andrea, Marco Mezquida, Dave Douglas eta Dave Hollandek baieztatu dutela jazzaldian parte hartzeko asmoa eta gogoa.

«Hemen aurkezten dugu Donostiako 56. Jazzaldia. Salbuespen guztiekin. Ez dakigu oraindik zeintzuk izango diren edukierak eta ordutegiak, eta ez dakigu denok lekualdatu ahal izango garen nahieran. Oraindik aste batzuk zain egon beharko dugu», adierazi dute jaialdiaren antolatzaileek, ohar baten bidez.

Jazzaldiak jakinarazi duenez, «emakumezko ahotsen jazzaldi bat» izango da aurtengoa. Hala, Cecile McLorin Salvant kantari estatubatuarra, Noa israeldarra —Iñaki Salvador pianistak lagundua—, Buika kataluniarra, Arlo Parks ingelesa, Aymee Nuviola kubatarra eta Silvia Perez Cruz kataluniarra —Farsa Circus Band taldearekin— ariko dira jaialdian, beste batzuen artean.

[youtube]https://youtu.be/oDeJiOqq0oA[/youtube]

Pianista ugari ere protagonista izango dira Donostiako 56. Jazzaldian. Salvadorrez gain, Franco D'Andrea eta Giovanni Guidi piano jole italiarrak ariko dira jaialdian, D'Andrea italiar jazz pianista beteranoenetako bat da, eta Guidi, berriz, Europako jazzaren barruan gaur egun izar bihurtzen ari den musikaria. Baina beste hainbat pianista ospetsu eta gazte ere izango dira festibalean: Kenny Barron, Brad Mehldau, Gonzalo Rubalcaba, Marcin Masecki eta Marco Mezquida.

[youtube]https://youtu.be/QMQ-rszJ0qQ[/youtube]

Abeslari eta pianistez gain, beste hainbat musikariren izenak ere baieztatu ditu Donostiako Jazzaldiak; horietako batzuk, jazz izar handiak eta jazzaldian behin baino gehiagotan aritu direnak: Dave Douglas tronpetista, Mulatu Astatke bibrafonista eta perkusionista, Dave Holland baxu jotzailea, Jean Toussaint saxofonista, Eric Seva saxofonista, Naissam Jalal flauta jotzailea eta Bill Frisell gitarrista.

[youtube]https://youtu.be/aN3SY_rLWEw[/youtube]

Bestalde, Jorge Pardo saxo eta flauta jotzailea espainiarra Niño Joselek lagunduta joko du jazzaldian Chick Corea omenduko duen emanaldi batean. Pardok —Iñaki Salvadorrekin eta Chano Dominquezekin batera— Donostiako Jazzaldiaren saria jaso zuen iaz. La Locomotora Negra Kataluniako jazz taldea ere jaialdian izango da.

Donostiako 56. Jazzaldirako sarrerak datozen asteetan jarriko dituzte salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.