Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kazetarien galderei erantzun die gaur Eusko Legebiltzarrean, osoko bilkurara joan aurretik. Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean indarrean sartzeko asmoz prestatu duen dekretuaz aritu da, batez ere. Alarma egoeraren bukaerak sortuko lukeen lege hutsunea bete nahi dute. Dekretu horren zirriborro bat bidali zioten atzo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, eta auzitegiak gaur aztertuko du. Bihar emango dute epaia.
Dekretuak lege babesa izan dezan nahi du Urkulluk, eta esan du Auzitegi Nagusiak onartzen dituen neurriak baino ez dituztela jasoko dekretuan. Ez dute asmorik Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko EAEkoak neurriren bat atzera botaz gero. Jaurlaritzako lehendakariak ez du arriskurik nahi, neurrien gaineko ika-mikak «ziurgabetasuna» sortuko lukeela uste baitu.
Urkulluk azaldu du «zentzuzko eta arrazoitutako» neurriak proposatu dituela Eusko Jaurlaritzak, eta kontuan izan behar dela egungo egoera nolakoa den. Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera igandean da amaitzekoa, eta Urkulluk gutun bat bidali zion Pedro Sanchez gobernuburuari, hura luzatzeko eskatuz. Oraindik ez du erantzunik jaso, esan duenez.
Atzo zabaldu zen fiskaltzaren iritzia: iruditzen zaio ezinezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan, probintzietan eta herrietan ere sartu-irtenak mugatzeko asmoa eta etxeratze agindua arautzea behin alarma egoera bukatuta. Urkulluk horren aurrean esan duen bakarra da auzitegien erabakia errespetatuko duela: «Fiskaltzaren jarrera ezagutzen dut, eta ez dut beste ezer esateko».
Jendearen joan-etorriak mugatzeko neurriak erabat lotuta daude alarma egoerarekin juridikoki, fiskalaren aburuz, eta ezinezkoa da halako eskubide murrizketak ezartzea alarma egoerarik ez bada. Fiskaltzaren jarrera hori orokorra izango bide da Espainiaren administraziopeko lurraldeetan. Fiskalak uste du «salbuespen» gisa ulertu behar direla neurri horiek, eta salbuespen legediekin soilik ezar litezkeela, osasun larrialdiko araudiak ez duela horretarako biderik ematen.
Espainiako inguruko erkidego batzuek iragarria dute joan-etorriak libre utziko dituztela igandetik aurrera, eta Nafarroako Gobernuak berak ere hala jakinarazi du. Polemika ere sortu da horren harira, Miguel Angel Revillak esan baitu Urkulluk itxiera perimetralari eusteko asmoa zuela jakinarazi ziola; lehendakariak, ordea, atzo ukatu egin zuen Revillari halakorik esan izana. Fiskaltzaren jarrera nagusiko balitz, euskal lurraldeen artean zirkulatzeko aukera izango da urritik aurreneko aldiz, igandetik aurrera.
Jaurlaritzak aurkeztutako zirriborro horren arabera, intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 200 kasu positibokoa den kasuetan ezarriko lirateke joan-etorriak mugatzeko neurriak. Herriak, berriz, itxiko lituzkete intzidentzia tasa metatuak 400eko langa gaindituko balu. Etxeratze agindua 22:00ak eta 06:00ak bitartean mantendu nahi du Jaurlaritzak, bestalde, eta jende bilerak lau pertsonara mugatu (bizikideak zenbatu gabe).