EUSKAL PRESOAK

Larunbatean 650 tontorretan elkartzera deitu du Sarek

«Egiten ari diren urratsen motor» izaten jarraitzeko eskatu die plataformak herritarrei.

Sare plataformako ordezkariak, gaur Olarizun eginiko agerraldian. SARE
jon olano
2021eko maiatzaren 6a
12:01
Entzun

Datorren larunbatean 650 mendi tontorretara igotzeko deia egina du Sare plataformak, eta gaur agerraldia egin du Olarizutik, azken dei bat egin, nondik norakoak azaldu eta parte hartuko duten herritarrei erronka bat luzatzeko asmoz.

Batetik, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga bozeramaileek datuak eman dituzte; online izena emateko sistema bat abian jarri zuten, eta herriz herri bertako mendietara joateko deiak zabaldu. Guztira 300 herritan antolatu dituzte martxak larunbaterako, eta 1.500 pertsonak eman dute izena online bestelako mendietara igotzeko asmoa adieraziz.

Bake Bideak ere dei egin du Ipar Euskal Herriko tontorretara igotzera, eta, beraz, Sarek ziurtzat jo du etzi «milaka lagun» elkartuko direla: «Oso pozik gaude, beraz, bizi dugun pandemia egoera honetan, eta egun oraindik indarrean diren neurri murriztaileak kontuan izanda, benetan pozgarria baita herritarrek erakusten duten konpromisoa eta gogoa».

Horrez gain, gogorarazi dute, Izan Bidea dinamika aurkeztu zutenean, «etxeratzearen, elkarbizitzaren eta bakearen alde» hiru milioi kilometro egiteko dinamika abian jarriko zutela: «Bada, gaur, partekatu nahi dugu lehenengo milioia osatu dugula jada». Eta horren harira, erronka: «Guztion artean 350.000 kilometro batzea, mendian gora eta behera egingo dugun ibilbide hori Izan Bidea-ko aplikazioan batuz».

Atxak eta Azkarragak nabarmendu dute «aldaketa garai bat» gertatzen ari dela euskal presoekiko espetxe politikan, «sakonekoa eta errokoa ez den arren, aurreranzko urrats gisa» irudikatzen dutena: «Ematen ari diren gerturatzeek ez dakarte urruntze politikaren amaiera, ez eta salbuespen legediaren deuseztapena ere; urteetan lehortea jasan duen lurrazal urratuan euri tanta bakanak dira».

Haatik, Sarek uste du horrek adierazten duela «aukera paregabe bat» dagoela, eta baliatu egin behar dela: «Egiten ari diren urratsen motor izan gara eta izaten jarraitu nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.