Igor Uriarte berriz Urruñan (Lapurdi) bizitzen ahalko da. Hala erabaki du, gaur arratsaldean, Parisko Zigor Auzitegiak. Iazko urriaren 6an atxilotu zuten euskal preso ohia, Ziburun (Lapurdi) errepide kontrol batean, eta Frantziako Estatuko Lurraldean bizitzeko debekua urratu izana leporatu zioten. Baionako Auzitegian berehalako epaiketa egin zioten, eta urtebeteko epea eman zioten bere egoera erregularizatzeko.
Ordutik Araban bizi da Uriarte, etxea eta eguneroko bizitza Urruñan izanik ere. Hori azpimarratu zuen Maritxu Paulus Basurko abokatuak Baionako auzitegian: zergak deklaratu ditu, laborantza enpresa muntatzeko prefetaren baimena lortu du, eta etxebizitza du Urruñan. «Gizarteratze eredu arrakastatsua» izan duela argudiatu zuen, oro har.
Epaileak emandako epea baliatuta, Parisko Zigor Auzitegira jo zuen Uriartek Paulus Basurko abokatuarekin, lurralde debekua kentzea eskatzeko. Gaur izan da saioa, eta Uriarteren aldeko erabakia eman du epaitegiak. Berri «oso ona» dela erran du Paulus Basurkok. «Esperantza handiak genituen. Otsailean, terrorismoaren kontrako fiskalaren iritzia jaso genuen debekua kentzearen alde, eta auzitegiak bide beretik jotzea espero genuen». Gaurko saioan, prokuradoreak kentzearen aldeko iritzia berretsi du. «Garrantzi handiko erabakia da; orain arte oso jarrera itxia genuen aitzinean. Lehen aldia da azken urteetan halako erabaki bat dugula».
Abokatuaren hitzetan, «pentsa daiteke» erabaki honek Oier Oaren kasuan eta gisa bereko beste kasu batzuetan eragitea, baina halako dosierrak «banakakoak» izan ohi direla azpimarratu dute. «Aldaketa baten seinale dela espero du, halakoetan segurtamenik izan ezin badaiteke ere. Egoera pertsonalak garrantzi handia du kasu hauetan». Uriarteren kasuan, elementu andana aurkeztu dituzte; tartean, Urruñako Herriko Etxeak mozio bat izenpetu zuen, eta auzapezak ere eskutitza idatzi zuen.