Enekoitz Esnaola kazetariak Parisko hotel batean elkarrizketatu zuen Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohia, abenduan, eta BERRIAk argitaratu zuen, hilabete haren 16an, Delitu terrorista al da bakea negoziatzea? Ez du zentzurik, izenburuarekin. Elkarrizketa asko zabaldu zen hurrengo egunetan, eta hainbat hizkuntzatara itzuli zuten.
Orain, italieraz argitaratu du Dialogo Euroregionalista aldizkariak: Negoziare per la pace è terrorismo? Non ha senso.
Elkarrizketa azaleko gai nagusia da, eta Urrutikoetxearen erretratu batek okupatzen du goitik behera. Yann Lorec ilustratzaileak egin du azala.
#EuskalHerria#MemoriaStorica il 3 maggio 2018 ETA annuncia il suo scioglimento - su #DialogoEuroregionalista anno 5 n. 1 potrete trovare un'intervista (per ora esclusiva in lingua italiana) con Josu Urrutikoetxea, che lesse il comunicato.Grazie a @berria Copertina di Yann Lorec pic.twitter.com/4o6a46z02K
— Centro Studi Dialogo (@DialogoStudi) May 4, 2021
Centro Studi Dialogo elkarteak argitaratzen du aldizkaria. «Pentsamolde euroerregionalista zabaltzeko» tresna gisa definitzen du bere burua elkarteak. Aldizkariak eta liburuak argitaratzen ditu.
Hiruhilabetekaria da, eta harpidetzaren bidez zabaltzen dute.
Oraingoz italieraz aldizkarian «esklusibaz» irakur daitekeen elkarrizketan, besteak beste, bakearen eta konponbidearen alde aritu izan dela esan zuen preso ohiak.
Horrez gain, elkarteak bideo bat argitaratu du (italieraz) zenbakiak dakartzan artikuluak azaltzeko, eta luze eta zabal jarduten dute Urrutikoetxearen elkarrizketaz.