Alarma egoerarik gabe, Gorenak erabakiko du oinarrizko eskubideen murrizketen inguruan

Espainiako Gobernuak onartu berri duen dekretuaren bitartez, erkidegoei ahalbidetu zaie tokiko auzitegien erabakiak Auzitegi Gorenera eramatea.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordea. ZIPI/ EFE
Edurne Begiristain.
2021eko maiatzaren 4a
14:05
Entzun

Espainiako Gobernuak bere asmoei eutsi di,e eta igandean bertan behera utziko du urriaz geroztik indarrean egon den alarma egoera. Horrek esan nahi du ezen erkidegoetako gobernuek, oinarrizko eskubideekin lotutako neurririk hartzekotan, tokiko auzitegi nagusien babesa beharko dutela: Eusko Jaurlaritzak, EAEko Auzitegi Nagusiarena, eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Auzitegi Nagusiarena. Haatik, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak errege dekretu bat onartu du gaur alarma egoera amaituta sor daitekeen ziurgabetasun egoerari bide emateko. Moncloak iragarri berri duen dekretuaren arabera, erkidegoei ahalbidetzen zaie Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jartzea tokiko auzitegiek ez badiete uzten neurri murriztaileak hartzen. Hau da, dekretuaren bitartez, Gorenak izango du neurri murriztaileen inguruko azken hitza. Horrela, «aterki juridikoa» eman nahi zaie erkidegoei pandemiaren aurkako neurriak hartzeko, doktrina bateratuz eta erkidegoen arteko bereizketak saihestuz, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak gaur azaldu duenez.

Salbuespenezko egoera juridiko horrekin erkidegoek arazorik izan ez dezaten, Ministroen Kontseiluak dekretu bidez moldatu du administrazioarekiko auziak arautzen dituen legea, eta, horri esker, erkidegoetako gobernuek Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkeztu ahal izango dute euren lurraldeetako epaitegiek pandemiari aurre egiteko neurriak baliogabetzen badituzte.

Dekretu berriarekin, gainera, alarma egoeran hartutako beste neurri batzuk hiru hilabetez luzatuko dituzte. Besteak beste, etxebizitzarekin eta pobrezia energetikoarekin zerikusia dutenak. Neurriok hiru hilabetez jarraituko dute indarrean, abuztuaren 9ra arte, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.