Zortzi pertsona epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean uztailaren 12an: Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi. Fiskaltzak denera 77 urteko espetxe zigorra eskatu du haien kontra. Zortzi auzipetuetatik sei agertu dira hedabideen aurrean epaiketaren berri emateko. Beste biek ez dute egoterik izan, osasun arrazoiak direla medio.
Polizia operazioa 2010eko apirilean egin zuten, eta presoen defentsan aritzen ziren 13 pertsona, abokatuak tartean, atxilotu zituzten.
«Gure etxeak eta bulegoak hankaz gora jarri, goitik behera miatu eta atxilo inkomunikatu gintuzten; bost egunez galdekatu, eta gutako hainbatek tortura larriak jasan genituen», adierazi dute. Operazio hura zer testuingurutan egin zuten deskribatu dute jarraian: «Ezker abertzalea bete-betean zebilen konfrontazio armatutik gabeko agertoki politiko berria eraikitzeko oinarriak gorpuzten, betiere indarkeria adierazpen guztiak Euskal Herrian desagertzea bilatzen zelarik». Eurak «modu aktiboan» ari ziren lanean «Euskal Preso Politikoen Kolektiboa agertoki berrira egokitzen laguntzen eta eragile aktiboa izan zedin». Orduan, hainbat polizia operazio egin zituztela gogoratu dute; besteak beste, Bateragune deiturikoa eta Herrira plataformaren aurkakoa. Euren aurkako operazioa presoekin eginiko ahalegina «zapuzteko» saiakera bat izan zela salatu dute.
Hamaika urteren buruan, oraindik ere «gatazkaren ondorio ugari konponbiderik gabe» daudela nabarmendu dute, eta horretan «ardatza» Espainiako Auzitegi Nazionala izan dela salatu dute. «Garaiko 'ezpata hotsak' egungo 'toga hotsak'» direla esan dute.
ETAk jarduera armatua, hain zuzen ere, duela hamaika urte utzi zuela gogora ekarri dute, eta bost urte direla desegin zenetik. Horrez gain, Herrira-ren kontrako auzian irtenbidea lortu zela adierazi dute. Horregatik, 13/13 auzia «denboraz eta lekuz kanpo» dagoela adierazi dute.
Presoak «atzerapen gehiagorik gabe etxeratzeko garaia» dela esan dute, eta gatazkaren beste ondorio guztien orbainak «ondo ixten saiatzeko» garaia dela. Euren ekarpena «agertoki berriaren aldeko apustua sendotzea» izan dela gaineratu dute.