Azken hilabetea etxean pasatu ondotik, gaur itzuliko dira ikasgeletara Ipar Euskal Herriko kolegio eta lizeoetako ikasleak. Kolegioetan osoki aurrez aurre arituko dira, baina lizeoetan irakaskuntza «hibridoa» izanen dute: hau da, kopuru erdietan arituko dira, batzuk ikasgelatik eta besteak etxetik, txandaka.
Itzulera baliatuta, protesta egin dute Baionako Cassin lizeoko eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Ravel lizeoko ikasleek, UNL Frantziako lizeotarren batasunak deituta, ekainean iragatekoak diren baxoko azterketak atxikiko dituztela salatzeko. Ikasgeletarako itzulera iragartzeko prentsaurrekoan jakinarazi zuen Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak azterketak bere horretan utziko zituztela. «Gure helburua da ahalik eta baldintza normalenak eskaintzea ikasleei», azaldu zuen. Joan den astean ere, azterketak atxikitzea «lehentasuna» dela berretsi zuen. Ikasleen iritziz, haatik, kontrol jarraikiaren bidez eman beharko liekete 2021eko baxoaren nota.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea lehengo astean mintzatu zen, eta iragarri zuen zenbait fasetan arinduko dituztela COVID-19ari aurre egiteko murrizketa neurriak. Horren barnean sartzen da ikasleen itzulera progresiboa. «Entzuten ditut argumentuak erraten dutenak goizegi dela, baina eskolen ixtearen kalteak oso handiak dira, pedagogikoak eta psikologikoak. Erabaki hori asumitzen dugu», adierazi zuen Jean Castex lehen ministroak. Baldintza «zorrotzak» ezarriko dituzte, «ahalik eta osasun neurri gehienekin». Ikasle, irakasle eta langileentzat testak indartuko dituzte. Listuaren bidezko 400.000 test eginen dituzte astero, eta ondoko asteetarako 64 milioi autotest izanen dira 15 urtetik gorakoentzat.
Lau fasetan iraganen da Frantziako Gobernuak aurreikusi duen deskonfinamendua. Gaurtik aitzina, hamar kilometroko tartean ibiltzeko debekua kenduko dute, eta eskualde bereko departamenduetan ibiltzeko eskubidea izanen dute herritarrek. Maiatzaren 19an, saltegiak eta terrazak irekitzen hasiko dira; ekainaren 9an, ostatu eta jatetxeen barrualdeak irekiko dituzte, eta, ekainaren bukaerarako, etxeratze agindua osoki kendu.