Maiatzaren Lehena

Greba orokorra eta «ezkerreko atea», sistema aldaketarako

LABek greba orokor bat egiteko prest dagoela esan du Maiatzaren Lehenean, eta ELAk «eskubide gehiago eta murrizketa gutxiago» aldarrikatu ditu krisitik ateratzeko 

ELAk Bilbon antolatu duen manifestazioko pankarta,. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko maiatzaren 1a
16:29
Entzun

Sindikatu abertzaleek hainbat manifestazio deitu dituzte Miatzaren Lehenerako. ELAk bana hegoaldeko lau hiriburuetan; LABek, aldiz, Baiona gehitu dio hiriburuen zerrendari eta baita hainbat udalerri ere. EAEko Auzitegi Nagusiak manifestazioetara joatea itxiera perimetralak hausteko nahikoa arrazoi ez dela ebatzi arren, mobilizazio jendetsuak izan dira. Bi sindikatuetako idazkari nagusiek Bilbon hartu dute hitza, eta biek aldarrikatu dute pandemiak «sistema aldatzeko» premia azaleratu duela.

LABek esana zuen greba dinamika ez zela bukatuko eta mezu argia zabaldu du: «Momentu honek beste greba orokor bat eskatzen du eta LAB greba orokorrerako adostasunak sortzen hasteko prest dago». Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilboko udaletxe parean bota du enbidoa, ikusteke dago zein erantzun jasotzen duten beste eragile, sozial eta politikoengandik. Aranburuk azaldu zuen «pandemiaren ostekoan indartsu sartzeko» litzakeela, eta egungo politika publikoen norabidea aldatzeko. Datak zeintzuk diren ikusita, udazkenerako litzateke deialdia.

LABen ustez, haien jarduna kriminalizatzen saiatu dira azken asteetan, Iruñean atxiloturiko delegatuak dira horren eredu, baina Aranburuk aldarrikatu du ez dituztela «geldituko». Aldaketak lantokietan eta kaleetan borrokatu behar direla esan du, eta mugimendu feministaren, pentsiodunen eta gazteen eskutik jarraituko dutela aurreratu : «Kapitalismoari alternatiba eraikitzea mundu mailako erronka da, baina alternatiba hori herri gisa abiatu behar dugu, herri burujabetza bultzatuz. Aldaketa ezker subiranismotik eta langileen lidergotik bultzatuko da edo ez da izango».

→ Irakurri gehiago: Sindikatu eta eragileen deialdi bateratuak langileen eskubideen alde egin du Baionan

ELAk hegoaldeko lau hiriburuetan antolatu ditu manifestazioak. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Bilbon hartu du hitza. Jendetza batu da Kale Nagusian, eta itxiera perimetralak ezarritako mugak kontuan hartuta, antolatzaileak pozik egoteko moduan dira. Bere hitzaldian Lakuntzak «aldaketak egiteko» garai dela aldarrikatu du Maiatzaren Lehenean, 2008ko krisiko formulak errepikatu ez daitezen, eta ELAk «ezkerreko atea» joko duela: «Eskubide gehiago, murrizketa gutxiago dioen atea».

Erreforma fiskala ezinbestekoa dela aldarrikatu du, «krisi honen faktura zeinek ordainduko duen baitago jokoan. Gehien dutenek gehiago ordaindu behar dute». Europako funtsak ere aipatu ditu, haien «opakotasuna» eta «isilpekotasuna” salatuz: «Albiste onak balira ez lituzkete ezkutatuko». EAJri eta EH Bilduri duela hilabete eginiko mezu bera bidali die: «Ez gaitzazue Madrilen saldu». Espainiako Gobernuarekin izan daitezkeen sindikatuak bi marra gorri dituela azaldu du: «Batetik ez dugu onartuko eragozpenik gure hitzarmenak bertan, Euskal Herrian, negoziatzeko. Euskal hitzarmenak hobeak badira ez da kasualitatea. Eta, bestetik, kaleratze kolektiboak ditugu, ez da onargarria enpresek jendea hain erraz botatzea».

→ Irakurri gehiago: Iruñean, UGT eta CCOO elkarrekin manifestatu dira Betetzeko ordua da lelopean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.