Maiatzaren Lehena

Langileei zor zaiena ordainarazteko garaia dela aldarrikatu dute CCOOk eta UGTk

Iruñean egindako manifestazioan, Rajoyren agintaldietako ondarea «ahanzturara» bidali behar dela aldarrikatu du: besteak beste, lan eta pentsio erreformak indargabetu behar direla.

CCOO eta UGTren manifestazioa Sarasate pasealekura iristen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2021eko maiatzaren 1a
15:00
Entzun

Iaz, konfinamendutik apurka ateratzeko lehen fasean etorri zen Maiatzaren Lehena eta hura gogoan esan ditu lehen hitzak Txetxu Rodriguez CCOOko idazkari nagusiak: «Kalea berreskuratu dugu berriz».  Pandemian langileek egindako lana eta esfortzua gogoan izan zuten bi sindikatuek euren mezuetan, batik bat osasun arloko, zahar etxeetako eta oro har funtsezko jardueretan izan diren langileena. Gehienbat emakumeak izan direla oroitarazi dute.

Manifestazioa 12:00etan irten da Iruñeko Merindadeen plazatik. Erritmo motelean atera dira, une horretan ELAk Sarasaten bere ekitaldi nagusia zuelako eta aldi berean bat ez egiteko. Ehunka lagun elkartu dira, eta bi sindikatuen afixa eta kartelak nonahi ikus zitezkeen kolore gorriz eta morez. Manifestazioaren atzealdean batukada bat zihoan, eta haren erritmoek entzun dira Sarasaterako bidean. 

Funtsezko langileen testigantza

Oholtza xumea foruen monumentuaren aurrean zuten jarria. Han, lehenik, Itziar Perezek eta Carmen Urizek osasun arloko eta funtsezko langileen izenean hitz egin dute. Perezen arabera, gainerako sektoretako beharginen aldean, osasun langileak ohituta daude gaixoekin aritzera, baina pandemiaren hasieran guztiek «ziurgabetasuna, harridura, asaldura» sentitu zuten. «Ez genekien zeren aurrean geunden». Ondoren, «kezka eta gero eta beldur handiagoa» etorri ziren, «erronkari bakarrik aurre egitearen sentsazioa» eta birusa «etxera eramango ote genuen izua». 

«Gaixoekin lan egiten genuenontzat benetako amesgaiztoa izan zen, eta zenbaitetan errealitate egin zen amesgaiztoa». Material faltagatik eta gertukoenen besarkadak jaso ezinagatik, hasierako uneak gogorrak eta oso zaurgarriak izan zirela baina aurrera jo zutela nabarmendu dute, eta oztopoak gaindituz joan direla apurka, gaixoen, egoiliarren eta oro har herritarren zerbitzuan. «Elkartasuna eta ardura nagusitu ziren, eta, oztopoak gainditu ahala, ikusi genuenean sufrimenduak fruituak ematen zituela eta pandemiak min egin arren ez zuela lortuko gu garaitzea, pozik geratu gara».

→ Irakurri gehiago: LABek greba orokor bat egiteko prest dagoela esan du, eta ELAk «eskubide gehiago eta murrizketa gutxiago» aldarrikatu ditu

Bi sindikatuen mezuak

Ondoren, bere mezuan, Txetxu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak nabarmendu du garaia dela langileei egindako esfortzu hori ordainarazteko. Horretarako Rajoyren agintaldietako ondarea «ahanzturara» bidali behar dela nabarmendu du: besteak beste, 2012ko lan erreforma eta 2013ko pentsio erreforma indargabetu behar direla aldarrikatu du. Gainera, galdegin du lanbidearteko gutxieneko soldata igotzea, negoziazio kolektiboan ultraaktibitatea eta sektoreko itunetan gutxieneko erreferentziak berreskuratzea, azpikontratak erregulatzea eta lan munduan hitzemandakoa betetzen dela kontrolatzea. «Atzoko txaloak modu eraginkorrean aitortu behar ditugu».

Antzeko mezua eman du Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusiak. Funtsezko jardueretako langileei esker ona adierazi die. Santosen arabera, txaloen garaia amaitu da, eta lan baldintzak duinduz eta segurtasuna emanez adierazi behar da esker on hori. Negoziazio kolektiboan berdinen arteko oreka berreskuratzea eta «patronalak bahitua egoteari uztea» exijitu du, eta horretarako lan erreforma indargabetu behar dela erantsi. Santosek publikoki aitortu nahi izan du, halaber, Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak nola egin dioten aurre pandemiari. «Okerren geundenean, PPren gobernuak lan erreformarekin eman zigun labankadaren aldean, babes soziala ezarri dute: hor dago aldea».

Hala ere, egoera kezkagarria dela uste dute bi sindikatuek, eta aldarrikatu dute oraingo krisiaren aterabideak aurrekoaren diferentea izan beharko duela. Nafarroan enplegu plan bat behar dela azpimarratu dute.

→ Irakurri gehiago: Sindikatu eta eragileen deialdi bateratuak langileen eskubideen alde egin du Baionan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.