EUSKAL PRESOAK

Bi euskal preso Euskal Herriratuko dituzte, eta bat hurbildu

Aurken Sola Campillo Burgostik Iruñera ekarriko dute, eta Irkus Badillo, Borde Foncalentetik Basaurira. Badillo, gainera, hirugarren gradura pasatuko dute. Mikel San Sebastian Gaztelumendi Murtzia IItik Soriara mugituko dute.

Euskal presoen alde apirilaren 17an Iruñean egindako protesta bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 30a
14:05
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeek bertze hiru euskal presoren mugimenduen berri eman dute gaur: bi euskal preso Euskal Herriratu eginen dituzte, eta bat hurbildu eginen dute. Euskal Herriratuko dituztenetako bati, gainera, hirugarren gradua eman diote: Irkus Badillo Borderi, hain zuzen.

Badillo Borde Basaurira ekarriko dute, Fontcalentetik (Herrialde Katalanak, 745 kilometro). Kartzela horretan zegoen azken euskal presoa zen Badillo Borde, eta, beraz, hura mugitutakoan euskal presorik gabe geldituko da Alacanteko kartzela hori. Badillo Borde 2004ko martxotik dago kartzelan, eta, hogei urteko kartzela zigorra izanik, 2019ko otsailean bete zituen hiru laurdenak.

Euskal Herrira ekarriko duten bertze presoa Aurken Sola Campillo da: Burgostik (Espainia, 215 kilometro) Iruñera ekarriko dute. 2008ko azarotik dago Sola espetxean, eta hogei urteko zigorra du: 2023ko urrian beteko ditu hiru laurdenak.

Hurbilduko duten presoa Mikel San Sebastian Gaztelumendi da: Murtzia IItik (Espainia, 820 kilometro) Soriara mugituko dute (Espainia, 260 kilometro). 2008ko apiriletik dago preso, eta 56 urteko zigorra du. Hurbiltzeaz gain, bigarren gradura ere pasatuko dute San Sebastian.

Puerto I, jada hutsik

Etxerat-ek jakinarazi duenez, bertzalde, aitzinetik iragarritako sei mugimendu gauzatu dituzte asteon Espainiako Espetxe Erakundeek: Fernando Elejalde Tapia Puerto I espetxetik (Andaluzia, Espainia, 1.020 kilometro) Mansillako espetxera (Espainia, 370 kilometro) eraman dute; Juan Carlos Besance Zugasti, Huelvako espetxetik (Andaluzia, Espainia, 1.000 kilometro) Dueñasko espetxera (Espainia, 310 kilometro); Garikoitz Etxeberria Goikoetxea, Sevillatik (Andaluzia, Espainia, 990 kilometro) Dueñasera; Lorenzo Aiestaran Legorburu, Villenako kartzelatik (Herrialde Katalanak, 700 kilometro) Soriara; eta, Bea Etxebarria, Aranjueztik (Madril, 520 kilometro) El Duesora (Espainia, 170 kilometro). Idoia Mendizabal Mujika presoa, berriz, Picassentetik (Herrialde Katalanak, 600 kilometro) Iruñera ekarri dute.

Mugimendu horiekin, eta, iragarri bezala, jada ez dago euskal presorik Puerto I espetxean. Puerto IIIn oraindik bortz euskal preso daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.